argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako eragile sozialek sistema politikoa aldatu behar dela diote
  • Aldaketa eskatzen duten nafarrak gero eta gehiago dira, Gobernuaren murrizketek eta CANeko eskandaluak eraginda. Baina eragile sozialen ustez  sistema politikoa bera da aldatu beharrekoa, herritarren partea hartzea lehenetsiko duen alternatiba sortzeko. Yolanda Barcina presidentearen kontrako zentsura mozioaren bezperan, Diario de Noticias-ek zenbait talde eta kolektiboren iritzia jaso du.

ARGIA @argia 2013ko apirilaren 17a
Barcinaren dimisioa eta alternatiba politikoa eskatuz Iruñean egindako manifestazio jendetsua (Arg.: D.N / Javier Bergasa)

 “Nafarroan izandako murrizketa oro salatu izan dugu, eta Gobernua da horien arduradun. Horregatik ondo ikusten dugu Gobernu aldaketa, baina estrukturala izatea gustatuko litzaiguke, azalekoa baino, sakona izatea”, dio Betriz Villahizan, SOS Arrazakeriako kideak.

“Herritarrei ahotsa eman”, “politikak aldatu”, “beste eredu ekonomiko eta soziala”… Halako iritziak maiz aipatu dituzte kolektibootako ordezkariek.

Aurora Beltran musikariak ere halaxe pentsatzen du: “Oraintxe bertan jende guztiari inporta zaiguna da ez gaitzatela engainatu”.

Agintarien ustelkeria kasuetan baino, Gobernuak bultzatutako murrizketa eta politika antisozialetan jarri dute lupa talde gehienek, horien ondorioz baitaude herritar ugari hondoa jota.

“Jada 2007an zenbait lagunek aldaketa eskatu genuen higiene politikoaren mesedetan –dio José Mari Asín antzezleak– orain emergentzia soziala dagoelako eskatzen dugu”.