argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratu dute
  • 2021eko urtarrilean zen abiatzekoa. Pandamiaren ondorioz datarik gabe atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bien bitartean bertsolaritza bultzatzen jarraituko duela adierazi du elkarteak.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 05a
2019ko finaleko irudia. Argazkia: bertsozale.eus.

2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtarrila eta martxoa bitartean ospatzea zegoen aurreikusia. Gaur jakinarazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak txapelketa atzeratzeko erabakia hartu duela, “bere oinarriak kontsultatu eta egoera aztertu ostean”. Data berririk ez dute zehaztu nahi izan: “Pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko da”.

Bizi dugun krisi eta salbuespen egoeran txapelketak eskatzen duen “aukera berdintasuna” ezin dela bermatu iritzi dio elkarte antolatzaileak: “Besteak beste, honako egoerak sortu daitezke: bertsolariak konfinatu behar izatea, eta ondorioz txapelketan parte hartzeko aukera galtzea; saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea; saio batetik besterako aldaketak saioaren beraren edukiera eta ezaugarrietan; eta abar”

Kultura sustatu

Txapelketa atzeratzeagatik ere, bertsolaritza eta kultura sustatzen jarraituko duela azpimarratu du Bertsozale elkarteak, horren garrantzia aldarrikatuz: “Osasuna bermatu eta bertso saioak antolatzea ez dira bi gauza kontrajarri. Zentzu horretan, txapelketaren hutsunea Nafarroako bertso plaza sustatzeko baliatuko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak”. Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoari ere eutsiko dio, aurtengoan Nafarroako 47 udalerritako 60 ikastetxetan garatuko dena.