Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako Nafarroako zerbitzuak 265 kasu artatu zituen 2025ean

  • Nafarroako Gobernuak asteartean adierazi du 2025ean 265 kasu arrazista eta xenofobo artatu zituela Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako zerbitzuak. Gainera, 592 kontsulta eta 2.997 interbentzio erregistratu zituen.


2026ko martxoaren 18an - 14:47
Azken eguneraketa: 2026-03-23 14:43
2025ean 265 kasu erregistatu zituen Nafarroako Arrazakeriari eta Xenofobiari Aurre Egiteko Zerbitzuak. Nafarroako Gobernua
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteartean aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako zerbitzuak aztertutako datuak. Ijitoen Idazkaritza fundazioak kudeatzen duen eta Etxebizitza Sailaren mende dagoen elkarteak 265 kasu arrazista eta xenofobo artatu zituen 2025ean. 2024an baino bi gutxiago badira ere, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken aholkulariak, eta hirugarren lehendakariordeak adierazi du “tamalez, Nafarroan oraindik tasa garrantzitsua izaten jarraitzen" dutela. Horietaz gain, 592 kontsulta eta 2.997 interbentzio erregistratu zituzten. Interbentzioetatik 1.887 Iruñean izan ziren eta 1.090 Tuteran.

Argitaratutako datuetan, Eva Gurría Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken zuzendari nagusiak adierazi du kasuen %43a kolektibo bati egin zitzaiola eta gainerakoak norbanakoei, Navarra.eus-ek jaso duenez. Gainera, 30 gorroto delitu erregistratu dituzte, 2024an jasotako kasuen hirukoitza. Kasu horien artean agente diskriminatzaile nagusiak ondorengoak izan direla jaso da: kasuen %35 administrazio publikoan, %28 enpresa pribatuan, %20 pertsonek eragindakoak eta %15 funtzionario publikoak izan dira. Gainera, erasoak nagusiki ondorengo espazioetan geratu dira: %25a sare sozialetan, %21a zerbitzu publikorako sarbidean, %11 osasungintzan eta %11 polizien aldetik. 

Elkarteak 2023an ekin zion lanari, Nafarroako komunitateko dibertsitate etniko eta kulturala ardatz hartuta. Helburu nagusia arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka bultzatzea, eta pertsona migratzaileen eskubideak bermatzea dute. Alfarok, adierazi du zerbitzuak egindako lanak ahalbidetu duela gorroto delituen sententziak Fiskaltzara bideratzea. Protokoloa abiarazi dute kasuei erantzun eta “kontzientziazioa” lortzeko.

Horren harira, Alfarok Balterrako Udalaren jarrera salatu du. 2025ean "kutsu arrazista, xenofobo eta supremazista" izateagatik atzera bota zituzten laguntza batzuk berriro ere ezartzen saiatu da udal gobernua. Horren aurrean Alfarok adierazi du laguntzen aurkako bide judiziala hartuko dutela. 



 


Arrazakeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.