Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Nafarroako Gobernuak 18 milioi euroko kalte ordaina ordaindu behar diola Palacio de Arozteguia SM enpresari. Foruzaingoaren "jarduterik ezan" oinarritu da epailea, zigorra finkatzerakoan.
Asteazken honetan jakin da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena: Nafarroako Gobernuak 18 milioi euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio Aroztegia proiektuaren eramaile den Palacio de Arozteguia SM enpresari. Epaiaren berri ukan bezain laster, errekurtsoa aurkeztuko dutela jakitera eman du Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak.
Iazko maiatzaren 19tik 23ra bitarte izan zen Aroztegia egitasmoaren kontrako zazpi ekintzaileren kontrako epaiketa, eta irailaren 19an jakin zen epaia: auzipetuek ez zuten kartzelara joan beharko, baina isunak ordaindu beharko zituzten. Iruñeko Hirugarren Zigor Auzitegiak 5.850 eta 9.450 euro arteko zigorrak ezarri zizkien zazpiei, derrigortze edo bortxa delituagatik. Baztertu egin zuen, ordea, talde kriminala osatu izana.
Proiektuaren sustatzaileek erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez zuen aintzat hartu. Hori horrela, aurtengo urtarrilaren 14an Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiak berretsi egin zuen iazko irailean emandako epaia: Aroztegiako proiektuaren aurkako aktibistak ez dira talde kriminaleko kide. Haatik, uztailaren lehen honetan heldu da hirugarren epaia: Nafarroako Gobernuak 18 milioi euroko kalte ordaina bideratu beharko dio Palacio de Arozteguia SM enpresari. Oinarrian, 26 milioi euroko kalte ordaina eskatua zuen Palacio de Arozteguia SMk, herritarren protestetan "ondasunei kalte egin" zietelakoan. Foruzaingoaren "jarduterik ezan" oinarritu da auzitegia zigorra erabakitzerakoan: "Izan ere, ez zuten eragotzi proiektuaren aurkako istiluetan ondasunei kalte egitea, eta, enpresa sustatzailearen arabera, kalte horiek proiektuaren garapena oztopatu dute", epailearen hitzetan. Halere, erantzukizunaren parte osoa ez dio foruzaingoari bideratzen, enpresa sustatzailearen parte ere utzi du zergatiaren parte bat, "kalterik ez izateko neurriak ez hartzeagatik".
Berria-k jaso duenari segi, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta bozeramaileak ohartarazi du azken sententzia horren aurka bozkatu duela magistratuetako batek, erranez enpresa sustatzailearen erreklamazioak ez direla kontuan hartu behar. Obrak hasi zirenean ilegalak zirela jaso du botu partikular horrek, "aurretik adierazia baitzuten lanen adjudikazioa erabat deuseza zela zuzenbide osoz, bai administrazio bidean, bai bide judizialean". Azkenik, magistratu horren irudiko "kaltea egiazkoa" izan behar da, eta ez "hipotetikoa", ondare erantzukizuna dagoela aitortu nahi bada.
Arrazoi berarekin, enpresa sustatzaileakk 46 milioi euroko kalte-ordaina eskatuta zion Espainiako Estatuari ere –Guardia Zibilari leporatuta jardute eza, kasu horretan– baina duela hilabete bat, Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen demanda.
Palacio de Arozteguia SM enpresak Lekarozen (Baztan, Nafarroa) duen proiektu urbanistikoak geldiarazteko xedez egin zituzten protestak 2021eko apirilean; luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi dituztelako bertan. Makroproiektu turistiko horren kontrako herri mugimendu zabala antolatu zen.