Nafarroa: 2024a izan da turista gehien jaso duen urtea, baina dena ez da urre

  • Nastat Nafarroako Turismo Erakundearen datuak dira eta horien arabera, 2024an aurreko urtean baino %8 gehiago hasi zen turismoaren sektorea Nafarroan. Turismoak, herrialdearen BPG Barne Produktu Gordinaren %5,5 hartzen du dagoeneko, dirutan 1.509 milioi euro.


2026ko ekainaren 12an - 11:14
Iruñeko turismo bulegoa. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Estatistika erakundearen arabera, 2020an, pandemiaren urtean, turismoa asko jaitsi zen Nafarroan, %4,7tik %3,1era. Eta hortik, pixkanaka, gorakoari ekin zion, 2024koa neurtu den hazkunde handiena izan arte, ordura arte oparoenak izandako 2017koa eta 2018koa baino handiagoa; orduan, BPGaren %5era iritsi zen sektorea.

Turismo kontsumoa 2024an 1.642 milioi eurokoa izan zen, 2023an baino %26,3 gehiago, eta turismoaren jatorri nagusia Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetakoa eta atzerrikoa da. Guztira 2024an bi milioitik gora turista iritsi ziren Nafarroara eta %37 Espainiako Estatutik kanpokoak ziren.

Sektorearen barruan, ostatatzea eta jan-edanen zerbitzuak izan ziren emankorrenak, hurrenez hurren sektorearen %33,1 eta %31,1. Enpleguari dagokionez, urte hartan 31.909 lanpostu lotu ziren turismoarekin herrialdean, aurreko urtekoa baino %2 gehiago. Nafarroako Gobernuaren esanetan, turismoa urte osoan banatzearen aldeko apustua egiten ari da sektorea, horrek masifikazioa saihestuko duelakoan; horrez gain, turismo gutxiagoaren aldeko apustua egiten du, baina ahalmen ekonomiko handiagoa duena.

Txanponaren beste aldea

Nafarroako instituzio handienek, oro har, turismoaren hazkunde hori sustatu eta txalotzen duten bitartean, gero eta gehiago dira turismoaren handitzearen ondorioak salatzen dituzten sektoreak. 2024ko Eurostateko estatistika ofizialean arabera, turismoa gehien jasotzen duten Europako herrialdeetan, herritarren sektore oso handiak turismotik kanpo daude: Frantziako herritarren %22k, Italiako %31,4k, Espainiako %33,4k, Portugaleko %35,2k edo Greziako %46k ez dute dirurik astebete euren bizitokietatik at pasatzeko.

Enpleguari dagokionez, turismoarena oso enplegu prekarioa da, eta aberastasuna oso gaizki banatzen duena; nazioarteko inbertsoreak, merkataritzan gero eta gehiago zabaltzen diren multinazionalak, eta hainbat ostalaritza eta hotel negozioren jabeak aberasten baitira gehien. Eraginik handienetakoa, dena den, etxebizitzaren garestitzea da, eta turismoan ari diren langileek nekez dute ahalmen ekonomikorik turismo guneetan bizitzeko; horietako asko bere ohiko bizilekuetatik kanporatuak izaten dira.

Egungo turismo ereduaren aurka egiten dutenek, halaber, “turismoa urte osora zabaltzearen” eta “kalitatezko turismoaren” eufemismoak! salatzen dituzte. Lehenbizikoari dagokionez, turismoa urte osora zabaltzearena batez ere mesedegarria da turismoari lotutako zerbitzuentzat; negozioa handitzeko proposamena da, bizilagunen onurarako neurritzat mozorrotuta. Turismo kalitatea, aldiz, “elitizazio estrategia ezkutatzeko eufemismoa da”.

Erakundeetako estatistika erakundeek kaltegarriak diren faktore horiei buruzko datu gutxi azaleratzen dutela ere salatzen dute. ARGIAk aurten argitaratu duen “Turismoa. Desazkundera bidaia” liburuan aletzen eta aztertzen dira horietako hainbat.


Turismoa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 17
Usoa otso

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...