argia.eus
INPRIMATU
Enpresa-medikuak erabakiko du noiz itzuliko zaren lanera, familia-medikuak aurkakorik ez badio; hori onartu nahi du Espainiako Gobernuak
  • Laneko baja arinak eta espedienteak, mutualitateen esku gera daitezke ia erabat Hego Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak erkidegoei helarazi die proposamena, eta aski da Osasun sailburuak dokumentua sinatzea. LAB sindikatuak egin du publiko.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2023ko martxoaren 27a
Espainiako Gobernuak dioenez, itxaron-zerrendak eta karga asistentziala arintzea da helburua. (Argazkia: UPO.es)

Mutualitateek kudeatuko lituzkete “langileen gertakizun arruntak” eta horien inguruko tratamenduak, interbentzioak, frogak, errehabilitazioak eta bestelakoak, baita alta-proposamenak ere. Gertatzen dena da, familia-medikuak, prozesu horiekin edo alta-proposamenarekin ados ez dagoela esateko, bost eguneko epea izango duela, eta kontrakorik ez badio edo erantzunik ez badago, mutualitateak dioena egingo dela. Gaur egun, azken hitza oso-osorik, baiezkoa edo ezezkoa ematea, familia-medikuaren esku dago; LABek publiko egin duen dokumentuaren arabera, gauzak alda daitezke.

27. orriko dokumentuan, hutsuneak sinatu eta eskumen aldaketa baimentzen dutela jakinarazi dezakete autonomia erkidegoetako Osasun sailburuek. Oraindik ez dago ez Jaurlaritzaren ez Nafarroako Gobernuaren asmoen berririk.

Espainiako Gobernuak argi adierazten du, lehen puntutik, osasun zerbitzu publikoko itxaron-zerrendak eta karga asistentziala arintzeko helburua duen egitasmoa dela.

"Osasuna bigarren planoan"

“Honek orain arteko logika aldatzen du eta Osasun Sistema Publikoko medikua enpresa pribatu bateko medikuaren aginduetara jartzen du”, adierazi du Inko Iriarte LAB sindikatuaren Lan Osasuneko idazkariak. Sindikatuaren arabera, langileria aktiboaren %80-90 ingururi eragingo lioke neurriak.

Enpresaren interes produktiboen “mesedetan” jokatzea eragingo luke horrek LABen arabera, mutualitateek “irizpide produktibo eta ekonomizistak” baliatuko lituzketelako, eta, ondorioz, altak “lehenbailehen” eman, langileen osasuna “bigarren planoan utzita”.

Iriartek salatu duenez, proba pilotu bat ere egongo da eta akordioak ez du inolako kontrol publikorik aurreikusten.