Mutilak mutilekin, neskak neskekin, hori da futbol kluben ohiko eskaintza. Aitorrek, baina, neska kuadrilla izan du txikitatik, haiekin jolasten da beti, eta futbolean ere nesken taldean nahi izan zuen izena eman, 8 urterekin. Gaur egun 10 urte ditu eta neskekin jokatzen du, batzuen begiradak eta barretxoak desagertu ez diren arren.
Aitor [izen asmatua] Gipuzkoako herri batekoa da eta txikitatik izan da mutil bakarra nesken lagun taldean. Genero arauak apurtzen dituela kontatu digu bere amak, maiz gizarteak nesken jolastzat eta arropatzat dituen horiek atsegin dituela, eta mutikotzat duela bere burua.
8 urterekin, futbolean hasi nahi zuela esan zion amari, nesken taldean. “Erantzun nion ezin zuela izan, ezin zuela nesken taldean jokatu. Ez zuen batere ongi hartu, nik ez niola uzten bota zidan”. Gero, ordea, hausnartzeko denbora hartu zuen Aitorren amak: “Pentsatzen jarri eta nire buruari esan nion, zergatik ez? Senarrari azaldu ostean, Aitorrekin hitz egin genuen eta adierazi genion saiatuko ginela”. Hortik aurrerakoa erraza izan zela dio, ez ziotela futbol klubean inongo trabarik jarri. Baldintza bakarra da ezin duela taldearen aldagela erabili. Aitorrek ere ez du neskekin aldagela elkarbanatu nahi, baina ez du aldagelarik.
Hain kirol maskulinizatuan, futbolean aritu nahi duten neskak mutilen taldean jokatzen ikusi izan ditugu, neska talderik osatu ez delako, baina ez da ohikoa mutil batek gainerako mutilekin baino neskekin nahiago izatea. “Aitorrek naturaltasunez darama gaia, zoriontsu da eta guk ere natural bizi dugu, berdin bere adinkideek ere. Baina gure semea eta kasua ezagutzen ez dutenengandik barretxoak eta begiradak sumatu ditut; asteburuko partiduetan, kanpoko taldeko gurasoei ere harrigarria egiten zaie, gizarteari bitxia egiten zaio. Gizarte hau ez dago nire semearentzat egina, eta sarri uste dugu gauzak aldatu egin direla, baina ez da hala, batzuetan okerrera ere egin dugu”.
"Erantzun nion ezin zuela izan, ezin zuela nesken taldean jokatu. Ez zuen batere ongi hartu. Gero, pentsatzen jarri eta nire buruari esan nion, zergatik ez?"
Talde mistoak aldarrikatu ditu Aitorren amak, nahikoa neska-mutil ez dagoen herrietan egiten den moduan. “Zergatik ez eman aukera hori beti? Neska-mutil batzuk gusturago sentitzen dira elkarrekin jokatzen, zergatik ez utzi hori hautatzen, hala nahi dutenei?”.
Kasua bistaratzeak beste familia batzuei lagundu diezaiekeela uste du. “Gertatu izan zait, guraso bat etorri eta esatea bere semeak ez zuela futbolean mutilen taldean aritu nahi eta jakin izan balu aukera zegoela, baliatuko zukeela”.
Aitorri etxean azaldu diote adin bat iritsiko dela zeinetan agian ezingo duen nesken futbol taldean jokatzen jarraitu. “‘Ados, ba egun hori iristen denean futbola utziko dut eta kito’, erantzun digu. Semearengandik ikasteko asko dugu!”.