Emakumeen Antolakunde Sozialistak jakinarazi duenez, duela bi aste Arrigorriagako (Bizkaia) neska batek Hego Uribeko Itaiara jo zuen eraso matxista bat salatzeko. Taldeak adierazi du kasuak "matxismoaren erraiak" agerian uzten dituela, eta indarkeria matxistaren kontra "kaleak hartzeko unea" dela azpimarratu du.
Emakumeen Antolakunde Sozialistak ortziralean jakinarazi duenez, duela bi aste Arrigorriagako neska batek Hego Uribeko Itaiara jo zuen eraso matxista bat salatzeko. Izan ere, jakinarazi dutenez, mutilez osatutako Telegram kanaleko talde batean Arrigorriaga eta inguruko herrietako nesken irudi sexualizatuak igotzen zituzten, eta emakumeei buruzko iruzkin sexualizatzaileak eta misoginoak partekatzen zituzten.
Hego Uribeko Itaiak adierazi du kasu horrek "matxismoaren erraiak" agerian uzten dituela: "Batetik, gizarte kapitalistaren baitan emakumeei inposatzen zaien irudi sexualizatu eta deshumanizatuaren ondorio delako, eta, bestetik, irudi horiek baliatuta erasotzaileak inpunitate osoz emakumeen aurka jotzen dutelako".
Antolakundeak ohartarazi du "matxismoa gogortu" egin dela, hein batean, "sare sozialen bidez eta influencer matxisten eta erreakzionarioen eskutik emakumeen irudi sexualizatua indartu delako". Horrek gazteen artean eragina duela erran du Hego Uribeko Itaiak: "Emakumeak mespretxatzen dituzten, erasoak justifikatzen dituzten, eta haiekiko edozein jokabide onargarria dela sinestarazten duten mezuak normalizatzen laguntzen du".
Hego Uribeko Itaiak azaldu du ez dela lehen aldia "gizon mordoaz osaturiko taldeetatik emakumeak modu horretan sexualizatzen, umiliatzen eta eraso egiten dietela". Horren aitzinean, taldeak adierazi du beharrezkoa dela "matxismoaren aurka posizionatzea", hori egin ezean, "matxismoa normalizatzen" eta "erasotzaileen inpunitatea areagotzen" delako. Azkenik, antolakundeak azpimarratu du indarkeria matxistaren kontra "kaleak hartzeko unea" dela.