Mutazio antropologikoa


2026ko urriaren 16a - 11:27
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pier Paolo Pasolini zinemagile eta idazle italiarrak mutazio antropologikoa izendapena erabili zuen gizakien izateko, pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko moduen eraldaketa sakona adierazteko. Nago egungo mundukerak mutazio horren esangura leherrarazi egin duela, ezen hondoramen antropologiko baten argi-itzaletan bizi gara, gure zibilizazio patroiaren tolestura aldaketa okerrerantz doala.

Hori gutxi balitz, mundu birtualaren bikoizketa kezkagarria da, eta adimen artifizialaren garabide arduragarriaren inpaktuak ez dira txikiak, gure izateko moduetan eragin latza baitute, hots: egungo subjektibitate digitala, mundua ulertzeko eta egituratzeko ondorioa baino ez da. Orotariko gailu teknologikoen bitartez barneratu eta gorpuztu ditugun portaerek mutazio baten bidea erakusten digute, giza mutazioa, muturreko neoliberalismoaren azelerazio basatiari josita baitago.

Mundukera digital-zibernetikoak, orotariko gailuen bidezko asistentzia hiperbanatua ekarri du, konplexutasun altuko sistema robotizatuen gidaritza derrigortua, sistema konputazionalen zurrunkeria edo adimen artifizialaren argi-ilunak. Horrez gain, orotariko erantzuna duten Chatbotek gure arreta bereganatu dute, eta app-en plataforma sorta zabalek, estrategia algoritmikoak hedatu, eta begiak pantailan itsatsita denbora luzeagoan iraunaraziko digute, menpekoak bihurtu arte.

Ondo egoteko, beste inoren beharrik ez izatearen fikzioa ontzat jotzen denean teknologia bitartekaritzaren nahikotasuna dela medio, besteekin elkarbizitza bihurtzen da arazorik handiena

Gure garaia Humanismoaren tradiziotik jasotako subjektua ito eta desegin duen garaia da. Bizitza duina birsortzeko giza baldintzak itzulipurdikatu dituen aroa. Isilpean, iraunkor, irmo, aro zibernetiko eta digitalak giza portaeraren subjektibotasun berri bat birdefinitzen dihardu: gailur neoliberalaren subjektu digitala. Konfigurazio hori mutazioa antropologikoaren muinean dago, eta eskala desberdinetan baldin bada ere, denok bustitzen gaitu. Subjektu mota hori, etzanagoa, otzanagoa, bakartuagoa, isolatuagoa, dago, diruzko trukean bizi da.

Bakardadearen ondoeza, hala, deskribatzen ari garen mundukeraren ondorioa baino ez da. Izan ere, gure garaiak norbanakoaren autonomia eta Ni-aren gorazarrea sustatzen ditu, baina aldi berean, zailtasun harrigarri bat agertzen da besteekin lotzeko. Paradoxikoki, ordezko teknologikoen sorta zabala eskaintzen zaigu pairamen horien aringarri, baina zoritxarrez, liluratzen gaituzten ispilu nartzisistak baino ez dira. Lilura eta euforia bezainbeste, gogaitasuna, babesgabetasuna eta isolamendua sustatzen dutenak.

Jakina da darabilkigun gailuek inoiz pentsatu gabeko hartu-emanak errazten dituztela eta hori ikaragarri ona dela guztiontzat. Baina kontrazalean egungo paradoxa itogarria dago: gailu horiek isolamendu-makinak ere badira.

Halere, benetan kezkagarriena hauxe da: tresna horiekin dugun sinbiosiari esker, besteen presentzia fisikoa desagerrarazi nahiko genukeela, aitortu ala ez, horretarantz garamatzate. Gailur neoliberalak ekarri duen subjektu digitalaren muineko gaitza da: bestearen presentzia ez dugu beti estimatzen, edota ez dugu hainbeste maite. Bestea, hala, gogaitzen gaituena bihurtu dugu. Mundu birtualaren bikoizketa kezkagarria, haustura gainditzen duen aukera eroso gisa aurkezten zaigu. Errealitateak eta munduak sendotasuna galtzen duten bitartean, deskonposaketa antropologikoa nabarmendu baino ez da egin.

Hemen galdera derrigorrezkoa da: besteak alde batera uztea benetan posible edo desiragarria al da? Zibilizazio eredu bat agortze bidean dago, baina, ondoeza eta osasun gabezia dakarren beste unibertso okerrago baterantz al goaz?

Ondo egoteko, beste inoren beharrik ez izatearen fikzioa ontzat jotzen denean teknologia bitartekaritzaren nahikotasuna dela medio, besteekin elkarbizitza bihurtzen da arazorik handiena; alabaina, bestearen presentzia ezabatzeko premiak ezin lezake mundurik goberna.

Jexux Larrañaga Arriola

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.