Muskizko herritarrei etxean geratzeko deia egin die Jaurlaritzak, Petronorreko bentzeno ihesa dela eta

  • Ostegunean istripua izan da petrolio findegiko tanke batean, eta Muskizen eta inguruetan (Bizkaia) bentzeno maila altuak antzeman dituzte neurgailuek. Jaurlaritzak etxetik ez ateratzeko eta leihoak itxita mantentzeko deia zabaldu du ostegunean; ostiraleko neurketaren ondotik, neurriak murriztu ditu. Manifestaziora deitu dute iganderako, "konponbide errealak" eskatzeko.

Petronorreko fabrika, Muskizen (Bizkaia), kea dariola. Axier Lopez - ARGIA Fototeka

2026ko otsailaren 27an - 10:09
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bentzeno mailak “nabarmen” jaitsi dira Muskizen (Bizkaia), baina oraindik egoera ez da “ideala”, Edu Briones Muskizko alkateak ostiral goizean adierazi duenez. Ostegunean Petronor fabrikan izandako istripuaz aritu da prentsaren aurrean: herritarrei dei egin die “ahal duten neurrian” etxean geratu eta ariketa fisikoa saihestu dezaten. Ostegun arratsaldetik daude gomendioak martxan, orduan egin baitu deia Eusko Jaurlaritzak etxean geratu eta leihoak ixteko: orduko hartan, bentzeno partikulak ostiral goizeko halako hamar ziren. Ostiralean, beraz, egoerak hobera egin du, “fluktuatzen” ari bada ere; baina gomendioak indarrean jarraitzen dute, egungo bentzeno maila ere gomendagarria baino altuagoa baita.

Igandetik nabaritu zuten herritarrek usaina, horrelaxe azaldu dute herritarrek eta Petronorreko langileek Euskadi Irratia-n, baina ordukoa ez zen izan bentzeno ihesa, Txus Romon Muskizko Udaleko Ogasun eta Larrialdietako zinegotziak bertan azaldu duenez: “Asteburuan elektrizitate falta izan zuten, eta hori gertatzen denean barruko dena erretzen du eta horregatik ateratzen da ke beltza”. Ostegunean bai, orduan bai izan da istripua Petronorreko findegian, gasolina zuen tanke batean, eta bentzeno ihesa izan da: ostegun arratsaldean zabaldu du etxetik ez ateratzeko eta leihoak ixteko gomendioa Eusko Jaurlaritzak. 

Bentzenoa gas kaltegarria da, ondorio larriak izatera iritsi daitekeena. Ordu gutxiz jasanez gero, kalteak ez dira larriak, horrela azaldu du Romonek: eztarriko mina eta begietako hazkura bezalako sintomak sor ditzake. Luzaroan pairatuz gero, ordea, ondorio larriak sor ditzake, minbizia esaterako. Zinegotziak azpimarratu du osteguneko ihesa ez dela “larrialdi larria” izan, ez dela arrisku handiko istripu gisa kontsideratu, bentzeno maila ohikoa baino altuagoa bazen ere, ez zen berebizikoa. 

Hain zuzen ere, ostegun goizean jada antzemana zuen Eusko Jaurlaritzak bentzeno maila ohikoa baino altuagoa zela: Muskizen, Abanton eta Zierbenan (Bizkaia) dituzten neurgailuek abisua pasatu zien. Orduan ez zuten neurririk ezarri; bai, ordea, iluntze partean, bentzeno partikulen kopuruak gora egin zuela antzeman zutenean. Aire librera ateratzea saihesteko gomendioa luzatu zuen Eusko Jaurlaritzak, bereziki zaurgarrienei begira: haur eta zaharrei, alegia. Edozelan ere, eskolak eta eguneko zentroak zabalik izan dira herrian. 

Gero eta istripu gehiago

Herritarrak ez daude lasai, horrela aitortu du Romonek. Izan ere, aste honetakoa ez da izan findegiak izan duen istripu bakarra, inondik ere. Zinegotziak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta Muskizko Udalak berak larrialdi planak dituztela mota horretako istripuak gertatzen direnerako, baina intzidentziak gero eta ugariagoak direla aitortu du, eta horrek ezinegona sortu duela herritarren artean. Azken istriputik hiru hilabete eskas pasatu dira: 2025eko abenduan ere bentzeno maila altuak antzeman zituzten.

Hain zuzen ere, ostegunean bertan protesta elkarretaratzea egin dute Las Karrerasen, igandeko ke beltza salatzeko: 150 lagun inguruk Petronorren gaineko kontrol handiagoa eskatu dute, ohikoak bihurtzen ari diren istripuen aurrean. Iganderako ere manifestazioa deitu du Stop Variante Las Karreras bizilagun plataformak: 12:00etan Trinitate plazan hasi eta Petronorreko ateetaraino joango da. Egoera “biziki larria” dela azpimarratu du plataformak, eta sarritan gertatzen diren bentzeno ihesek eta usain txarrek alarma pizten dutela gizartean. “Erantzun argiak, gardentasuna eta soluzio errealak” eskatu dituzte.


Petronor kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.