Musikeneko harpa irakasle baten aurkako hamaika salaketa jaso dituzte, tratu txarrak egitea leporatuta

  • Hamaika salaketa bildu ditu ElDiario.es hedabideak; Musikene zentroko hamar ikaslerenak, eta Parisko kontserbatorio batean haren ikasle izandako beste batena. Ikasleenganako gehiegikeria fisikoak eta eraso psikologikoak salatu dituzte. Musikenek jakinarazi du "arretaz ikertuko" dituela salaketak.

Musikene

2026ko ekainaren 23an - 09:28
Azken eguneraketa: 11:32
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

ElDiario.es komunikabideak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko harpa irakasle baten aurkako tratu txarren salaketen berri eman du. Hamaika salaketa dira guztira. Eraso psikologiko zein fisikoak salatu dituzte, irainetatik hasi eta alor akademikoko kalteetaraino. Hainbat biktimek laguntza psikologikoa jaso behar izan dute, eta Musikeneko hiru ikaslek musika ibilbidea utzi zuten. Musikenek ikerketa abiatu du. 

Hamabost hilabeteko ikerketa eta gero, hedabideak salaketak azaleratu ditu. Musikeneko biktimak 20 eta 40 urte artekoak dira, gertakariak 2011n hasi baitziren, irakaslea zentroan lanean hasi zenean. Emakumezkoak zein gizonezkoak dira, eta asko frantsesak, irakaslea bezala. 

Hain justu, hamaika ikasleetatik hamar Musikenen ikasitakoak dira, eta hamaikagarrena, aldiz, Parisko Rueil-Malmaison kontserbatorioan, non irakasleak klaseak eman zituen 2025era arte. Kontserbatorioan adin txikiko ikasleak daude. Salaketen harira, Parisko kontserbatorioak ez du erantzun, baina ikasleen gurasoek bai; kezka adierazi dute.

Irakasleak ez die erantzun komunikabideak informazioa egiaztatzeko bidalitako mezuei. Musikenek, bere aldetik, iragarri du "arretaz ikertuko" dituela irakaslearen aurkako salaketak.

Irainak, umiliazioa eta eraso fisikoak

ElDiario.es-ek ikasleen bizipenak argitaratu ditu, eta denetan errepikatzen da patroi antzekoa: oihuak, umiliazioa eta jazarpena. Biktimek azaldu dute "oso ohikoa" zela ikaskideak negarrez ikustea irakaslearen klaseetan, eta tendinitis kasuak etengabekoak zirela, irakasleak derrigortzen zien teknika eta errepikapenengatik, nahiz eta Musikeneko irakasle batek salaketa horiek arbuiatu. 

Ikasgelako jazarpena soilik ez. Biktimek adierazi dute irakaslea haien bizitza pribatuaren gaineko kontrola ezartzen saiatzen zela. Kasu batzuetan ustez boluntarioki klasetik kanpo jazotako gertakariak daude, irakaslearen etxean egindako saioak, esaterako. Ikasleek eskuratutako beka eta sariengatik, edo orkestratan lortutako postuengatik tratu txarrak jasotzen zituzten. Eta hiru kasutan, bi Musikenekoak eta bestea Pariskoa, ikasleenganako gehiegikeria fisikoak salatu dituzte.

Biktima batzuek laguntza psikologikoaren beharra azpimarratu dute, eta kasu batean lo egiteko pilulen beharra, irakaslearekin klasea izan bezperan lo egin ahal izateko. 

Musikeneren erantzuna

Irakaslea Musikeneko harpa espezialitateko irakasle gorenetako bat da. Musikenek egunkariari emandako lehen bertsioan azpimarratu zuen espezialitate horretan gehien balioetsitako irakasleetako bat zela. Ikerketa argitaratuta, ordea, berretsi dute, beste behin, harpa irakasleen artean "gatazka" dagoela eta ez dutela horrelako salaketarik jaso. "Harpa ikasleekin bilera bat egin dugu berriki eta ikasleak harpa ikasgelarekin gustura daudela adierazi dute". 

Ikasleen bertsioa guztiz bestelakoa da. Ikasketak uztea erabaki duen ikasle batekin elkartu zen zentroa, eta lekuko batek azaldutakoaren arabera, "ikaslearen negarrek eta haserreak ez zuten atzera bota zentroak irakaslearengana zuen babesa". Gainera, harpa ikasleekin egindako aipatutako bileran, zentroak irakasleen arteko "gatazkaren" bertsioari eutsi zion. Ikasleen inguruneak eta ikasle ohiek "guztiz" egiazkotzat jo dituzte salaketak, baita hainbat irakaslek ere. "Ikusi izan ditut oso maila altuko ikasleak suntsituta amaitu dutenak", gogoratu du irakasle ohi batek.

 

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...