Musikenek, barne ikerketa egin ondoren, C. I. arpa irakaslea kautelaz bere lanetik baztertzea eta diziplina espedientea irekitzea erabaki du. Zentroaren ustez, “aurretiazko ikerketak” erakusten du ikasleen “ongizatea” arriskuan jarri izanaren zantzuak daudela. Ekainean, eldiario.es hedabideak hamarretik gora lekukotzaren berri eman zuen, zeintzuek gehiegikeria fisikoak eta psikologikoak salatu zituzten.
Eldiario.es hedabideak eman du albistearen berri. Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa den Musikene zentroak mezua bidali die arpako ikasleei. Mezuaren arabera, ikasleen salaketak jaso eta gero hasitako aurretiazko ikerketa bukatutzat eman du. Lan “zehatza” izan dela dio mezuak, hogei bat ikasle eta ikasle ohi entzun dituztela, baita arpa eremuko beste pertsona batzuk ere. Ondorioz, arpa irakaslea irakaskuntzatik baztertu dute eta diziplina espedientea ireki diote.
Zentroak mezuan azaldu duenez, “lehen fase hau amaituta, aurretiazko ikerketak agerian utzi du jarduera eta egoera jakin batzuen zantzuak daudela, eta zantzu horiek eragin kaltegarria izan zezaketela ikasleen ongizatean eta irakaskuntza-jardueraren garapen egokian". Gauzak horrela, Musikeneko zuzendaritzak diziplina-espediente bat ireki du: "Prozedura horri esker, gertaerak argitu ahal izango dira eta, hala badagokio, horietatik erator daitezkeen erantzukizunak zehaztu ahal izango dira, aurreikusitako berme guztiak uneoro zainduz”. Ikasleek gehiegikeria fisikoak eta eraso psikologikoak salatu zituzten. Egoera salatu zuen lekuko batek eldiario.es hedabideari adierazi dio erabakia “garaipena” dela. Orain arteko barne-salaketak ezerezean geratu ziren.