argia.eus
INPRIMATU
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”
  • Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du Sarduik.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 24a
Gatibu kontzertuan. Argazkia: Xabier CaƱas / Wikimedia

“Musikaren gremioan ez da diskriminaziorik existitu edo nik ez dut halakorik ikusi. Egia da ez dagoela hainbeste emakume lanean, baina inoiz ez da diskriminaziorik egon”, esan du Alex Sarduik, Eldiario.es-en egin dioten elkarrizketa batean.

Segituan etorri da erantzuna, “musikan gabiltzan Euskal Herriko emakume feministek eta identitate disidenteek” sinatua. Sarduiren adierazpenak oso larriak direla diote, “emakume* askok bizi izandako errealitatea baztertzeaz gain, emakumeok* aurre egin beharreko egiturazko oztopoak guztiz minimizatzen” dituelako. Datuek ideia hori gezurtatzen dutela eta musikan genero-diskriminazioa benetako arazoa dela gaineratu dute.

Sarduik duela urte gutxi batzuk esan zuen emakume* gutxi zeudela musikan, eta hori ere “gezur eta akats galanta” iruditu zaie sinatzaileei: “Beste behin, sektorearen portzentaje handi baten egoerarekiko interes faltaren adierazle garbia da”.

Komunikatuan jaso dutenez, Sarduik adieraztea ez dela diskriminaziorik, berak ez duela ikusi, “oso eroso dagoen baten hitzak dira”: “Eta azken urte hauetan ikusgarritasuna landu den bezala landuta, musikaren munduko beste ahots batzuk entzuteko gogo gutxi eta interes falta asko igartzen zaio”.

Gutxienez 150 sinatzaileren babesa du komunikatuak. Tartean dira Miren Narbaiza, Jone Laspiur, Ines Osinaga, Olaia Inziarte, La Basu, Izaro Andres, Anne Lukin, DJ Pezon, Aiora Renteria, La Furia, Kai Nakai, Anne Salazar, Onintza Rojas, Uxue Barrio, Eneritz Gorrotxategi…

"Sentitzen dut, deklarazio oso eskasak egin ditut"

Abeslariak sare sozialetara igotako bideo baten bidez, barkamena eskatu du adierazpenengatik. "Deklarazio oso eskasak egin ditut, lekuz kanpo. Ez dut horrela pentsatzen eta euskal emakume guztiei, bereziki musikan dabiltzan emakumeei, barkamena eskatzen diet. Hogeita bost urte ibili gara emakumeak defendatzen eta hau ez da sartzen nire logikaren barruan".