‘Murru xuritua herri isildua’ oihukatu dute Itsasun prefetaren aginduari ihardukitzeko

  • 500 bat lagun baino gehiago bildu dira Itsasun antolatu manifestazioan. Txomin Olhagarai IK-ko herritar zenaren omenezko margolana ezabatzea agindu zuen Simon Fétet prefetak. Eta herriko etxea behartu duela ezabatzeko erabakia hartzera salatu dute.

Itsasun 500 bat lagun bildu dira manifestazioan. Euskal Irratiak.
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko irailaren 14an - 09:40
Azken eguneraketa: 14:02
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Murru xuritua herri isildua, borroka da bide bakarra eta herriak bizi behar du! aldarrikapenak oihukatu dituzte 500 pertsona baino gehiagok larunbat arratsaldean (irailak 12) Itsasuko karriketan. Manifestazioa herrira sartzeko biribilgunetik abiatu da Txomin Olhagarairen aldeko margolana hartzen duen herri erdiko Sanoki gela aitzinean bururatzeko.

Herriko bestetan estreinatu zuten obra eta egun batzuk berantago prefetak honen ezabatzeko deliberoa hartu zuen haren hitzetan "terrorismoaren goraipamena" egiten zuelako. Ondotik, aste hasieran, Itsasuko herriko etxeak gutun bat igorri zion prefetari bere harriduraren berri emateko, zehaztuz behartua sentitzen zuela bere burua margolanaren ezabatzeko.

Aste honetan (irailaren 7koan), manifestazioa iragarri zuen Itsasuko Goooxoan elkarteak prentsaurreko bidez prefetaren aginduari ihardukitzeko.

Manifestazioaren bukaeran, Gabi Mouesca IK Iparretarrak erakundeko militante ohiak hitza hartu du prefetaren jarrera gaitzesteko. Herriaren memoria xuritu nahi zuela salatu du erdaraz prefetari hitzak bihurtuz. Eta galdetu dio prefetari historia kontatzen duten liburuen erretzea izanen den ondoko etapa, jakinez naziak zirela metodo horiek erabili zituzten azkenak. Hitz gogorrak ukan ditu ere Mouescak Max Brisson senatariaren kontra. Brissonek erran baitu ezin dela goretsi Frantziako ordezkari baten emaztearen erailtzeko bonba maneiatu zuen militante bat. Gezurtaria eta errebisionista dela leporatu dio Max Brissoni Gabi Mouescak.

Xan, Xabi eta Estebe hiru itsasuar gazte ere mintzatu dira manifestazio bukaeran.

Goooxoan elkartetik jendeak deitu dituzte hainbat afixa kolatzera Ipar Euskal Herriko murruetan, margolana ezabatuko den egunean.


Adierazpen askatasuna kanalean gehiago
2026ko irailaren 23
Esker mila

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.