Murgiltze ereduarentzako “lege-marko berria” hitzeman du Frantziako Hezkuntza ministroak

  • Eskualdeetako Hizkuntza eta Kultura Ikerketarako Frantziako Legebiltzarreko batzordeak antolatutako bileran eman du horren berri Edouard Geffray Hezkuntza ministroak. Paul Molac bretoia eta Peio Dufau euskalduna dira talde horretako presidenteak. Azterketak lekuko hizkuntza gutxituetan pasatzeko eskaera ere ukan dute aipagai eta aitzinamenduak espero dituzte diputatuek: "Badirudi, besteak beste, Euskal Herritik entzunarazitako kexua entzun duela minstroak".


2026ko maiatzaren 22an - 09:59
Aldarria entzunarazteko eguna izan ohi da Herri Urrats. Franck Dolosor / Enpresabidea
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azterketei tokiko hizkuntza gutxituetan erantzun ahal izateko bidean aitzinamenduak egiteko prest direla jakitera eman die Edouard Geffray Hezkuntza ministroak Paul Molac eta Peio Dufau diputatuei –lehena bretoia, eta bigarrena, EH Baiko kidea–. Zehazki, "murgiltze ereduko irakaskuntza salbuespen erregimen batetik ateratzeko lege-marko berria" aurkezteko konpromisoa hartu du ministroak, eta baliteke horretan sartzea azterketak euskaraz –eta oro har, lekuko hizkuntza gutxituetan– pasatzeko aukera. "Eskualdeko hizkuntzako azterketen gai zehatzari dagokionez, badirudi ministroak adierazitako haserrea entzun duela, batez ere Euskal Herrian", irakurri daiteke diputatuek helaraziriko agirian.

Maiatzaren 21 honetan izan dute bilera hori, eta lege-kuadro hori "ondoko egunetan ofizializatzeko" konpromiso argia jakinarazi die Geffrayk Eskualdeetako Hizkuntza eta Kultura Ikerketarako Legebiltzarreko Batzordearen ordezkariei.

Urtero bezala gatazka iturri dira azterketak, euskaraz ikasi arren, ondotik erdaraz aurkeztu behar dituztelako azterketak. Protesta gisa desobedientziaren hautua egin berri dute Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek: matematikako baxoa euskaraz egingo dutela jakitera eman zuten maiatza hastapenean, komunikabideen aitzinean egindako agerraldian. Irakasle andanaren babesa ere badute, ikastoletako, eredu publikoko zein pribatuko 175 irakaslek dutela azterketa horiek zuzentzeko ardura publikoki hartu. Ekainaren 6an eginen dute protesta Bordaleko errektoregotzaren aitzinean.

50 bat diputaturen babesa

Hainbat alderdiren 50 bat diputatuk babesturiko gutuna helarazi diote Molacek eta Dufauk hezkuntza ministroari. Murgiltze ereduari bideratu beharreko baliabideen "berrazterketa urgentea" egitea galdetzen diote, eta oro har, hizkuntza gutxituen garapena oztopatzen duten "administrazio-blokeoen" bukaera ere.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.