Munduko zentral nuklear handiena berriz piztu du Japoniak, frogetan akatsak atzeman arren

  • Kashiwazaki-Kariwa-ko zentral nuklearra 2011n itxi zuten, Fukushimako istripuaren ondoren. Asteazken honetan berriz martxan jarri du TEPCO konpainiak, azken egunetan egindako frogetan akats larriak atzeman arren. Japoniak menpekotasun energetikotik ateratzea eta deskarbonizazioa jarri ditu argudio moduan, herrialdean energia nuklearrari berriz heltzeko.

Kashiwazaki-Kariwako zentral zazpi erreaktore ditu, oraingoz 6 eta 7. erreaktoreak martxan jartzeko baimena du TEPCOk. TEPCO

2026ko urtarrilaren 21ean - 10:24
Azken eguneraketa: 11:54
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Fukushimako istripua gertatu zela hamabost urte betetzear direnean, Japonian munduko zentral nuklear handiena berriz piztu dute: denera zazpi erreaktore dituen Kashiwazaki-Kariwa-koa, mendebaldeko kostaldean, itsas bazterrean. 2011n itxi zuten, baina geroztik TEPCO konpainia –Fukushimakoa kudeatzen zuen bera– erreaktoreetako batzuk berriz irekitzeko tramiteetan aritu da.

Asteazken honetan 6. erreaktorea jarri du martxan, eta 7.a ere pizteko baimena badu jadanik. Hala ere, zentralaren berrirekiera egun batzuk atzeratu behar izan du TEPCOk, akats larriak atzeman baitituzte funtzionamenduan.

Alarmak ez du jo

Fisio nuklearrik dagoen kontrolatzeko 205 barretatik 88ren alarmak ez zuen jo pasa den astelehenean egindako frogan. Konpainiak berri agentzien bidez zabaldu duenez, zenbait "doikuntza" eta inspekzio bat egin dituzte "dena ondo dagoela" ziurtatzeko.

2025eko abenduan Niigatako prefekturako gobernadoreak baimena eman zuen 6. erreaktorea pizteko, herrialdeko nuklearren erregulatzailearen oniritzia jaso ondoren.

Tokiko agintariak zentralera egindako bisitan, urtarril honetan. TEPCO

2040rako, sortutako energiaren %20

Fukushimako hondamendia gertatu zenean Japoniako Gobernuak hitzeman zuen ez zuela energia nuklearrik gehiago erabiliko. Baina orain, menpekotasun energetikoa eta deskarbonizazioa tarteko, zentralak berriz martxan jartzeko erabakia hartu du. Jadanik hamalau erreaktore piztu dituzte herrialde osoan eta 2040. urterako energia nuklearra Japonian sortzen den energia guztiaren %20 izatea aurreikusten dute.

Herritarren konfiantza, baina, ez da inondik ere berpiztu. Manifestazio eta protesta ugari egin dituzte nuklearren revival-a salatzeko. Gainera, sektorean dagoen ilunkeriak eta iruzurrak ez du laguntzen: Fukushimako zentralean enpresa batek lurrikara arriskuei aurre egiteko datuak faltsutu dituela jakin da duela gutxi.


Energia nuklearra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.