Mundiala: futbola eta politika


2026ko ekainaren 16an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lau urtean behin, FIFAren Munduko Txapelketa aurkezten zaigu futbolaren ospakizun global gisa. Aste batzuetan zehar, planeta osoaren fokua gertakizun honetan ipinita dago. Fokuak argitzen duena, ordea, ez da kirola bakarrik: bizi garen munduaren irudia da. Mundua erakusten digun erakusleihoa da.

Zelaian, selekzioak jada ez dira nazio homogeneoen ideia klasikoaren adierazle. Talde gehienetan askotariko jatorriak dituzten jokalariak ditugu: Australiaren kasuan, Eskoziatik, Turkiatik edota Balkanetatik etorritako immigranteen ondorengoak ikus ditzakegu, kolono ingelesen ondorengoen eta berritsuagoak diren immigrazio-mugimenduek ekarritako afrikar jatorrikoekin batera. Herrialde baten historiaren eta orainaren adierazle dira. Selekzio bakoitzaren taldeak herrialdearen errealitatea agerian uzten du. Begiak zorrozten baditugu eta jakin-mina piztu, munduaz makina bat gauza ikas ditzakegu baloia biraka dabilen bitartean.

Aurkakotasun historikoek, tira-bira geopolitikoek eta identitate kolektiboek ere lehen mailako eszenatokia dute futbolean. Soropila ez da neutrala: handik haratago luzatzen diren gatazkak eta laguntasunak islatzen dira. Mundialak ispilu gisa dihardu. Errusia eta Israel inguratzen dituzten egoera geopolitikoen aurrean FIFAk lehenengoa zigortu izana eta bigarrena normaltasunez jokatzen aritzea ez da kasualitate hutsa: irizpide-ezberdintasun hori bat dator munduko boterearen lehen lerroak hartu duen erabaki-multzo politikoarekin.

Mundialean esne-mamitan ikusten da: ikurrak, ereserkiak, selekzio nazionalak… txapelketa osoak logika politiko baten inguruan egiten du bira

Amerikako Estatu Batuetan jokatuko den Mundial honetan, Irango Selekzio Nazionalari debekatu egingo zaio herrialdean sartzea, partidu-egunak salbuespen. Norgehiagoka bat jokatu behar duten aldiro, Mexikotik joan-etorrika ibili beharko dira irandarrak, noski, euren kirol-errendimenduari eraginda. Hori dena bi herrialdeen arteko tentsio geopolitikoaren ondorio. Eta beste hamaika adibide jar genitzake: Saudi Arabiak eta Qatarrek kirola erabiltzea beren nazioarteko irudia zuritzeko, adibidez. Bururatutako adibide bakoitza aipatuz joango bagina, futbolaren historia berreraikiko genuke, eta konturatuko ginateke betidanik egon direla lotuta futbola eta politika; bigarrenak lehena josi du hein handi batean.

Nazioarteko txapelketek, ordea, ez dute munduaren benetako irudia azaltzen, bertsio jakin bat baizik, marko bat. Erakusleiho global honetan, nazioarteko aitortza duten herrialdeak bakarrik erakusten zaizkigu, eta beraz, egitura horrekin bat datozen identitateak bakarrik islatzen dira. Horrek, gogoko izan ala ez, isilpeko bazterketa dakar, eta gurean oso ondo dakigu hori zer den. Naziorik gabeko estatuez ari naiz, noski. FIFAk ez ditu kide gisa onartzen estaturik gabeko nazioetako futbol federakundeak, beraz, nazioarteko panoramatik at geratzen dira. Muga argia da: estaturik ez baduzu, ez zara erakusleihoan agertuko.

Euskal Herriaren kasua nabarmena da. Futbol tradizio nabarmena izanagatik, identitate, hizkuntza eta kultura bereizia izanagatik, euskal jokalariek ezin dute beren lurraldea ordezkatu. Haren ordez, beste ikur batzuen mende lehiatzen dute, espainiar edo frantziar selekzioak bere eginda. Beren arrakastak eta porrotak espainiar edo frantziar kontakizun nazionalen barruan izango dira edo ez dira izango, eta horrela ulertuko dira mundu mailan.

Futbolak gurean normalizazio-kanal gisa funtzionatzen du. Euskal zale asko, sarritan Espainiarekiko edo Frantziarekiko atxikimendurik gabekoak, herrialde horien hauspoan ibiliko dira hilabete batez. Izan ere, euskal ordezkapen modu bakarra hori den ideia indartu zaie, eta horretara baldintzatu dituzte. Esan zaie nazioarteko mapa hauxe dela, Espainia eta Frantzia daudela eta Euskal Herria zerbait txikiagoa dela, beste batzuen mende otzandu behar dena. Testuinguru horretan loratzen da kolkoan hainbeste sartu nahi diguten ideia: ez omen dira futbola eta politika nahastu behar.

Egunerokoan gezurtatzen ez bada, Mundialean esne-mamitan ikusten da: ikurrak, ereserkiak, selekzio nazionalak… txapelketa osoak logika politiko baten inguruan egiten du bira. Futbola eta politika nahastu behar ez direla esateak ez du dimentsio hori ezabatzen: begiak estaltzeko besterik ez du balio, norbera bere kontraesanaz ez jabetzeko eta, beraz, horri aurre egin behar ez izateko. Komenientzia hutsa da.

2024an Espainiak Eurokopa irabazi ondoren, hor ari ziren ospakizunetan bi jokalari espainiar “Gibraltar es español” oihuka. Oholtzan, hainbat euskal jokalari eta, aurrean, milaka zale espainiar ikurrekin leloa errepikatzen. Hori aldarrikapen politikoa ez bada, politikak irentsi gaitu jada.

Eneko Altuna

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...