Asteartean pasako da epaile aurretik Iruñeko Sanduzelai auzoan emakume bat hiltzea egotzita atxiloturiko gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzeak deitu ditu Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Aurten jadanik hiru emakume hil dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz.
Igandean Iruñeko Sanduzelai auzoan balkoi batetik behera erorita hildako 37 urteko emakumearen kasua hilketa matxista bat izan daitekeela eta, urruntzeko agindua zuen gizonezkoa atxilotu du Foruzazaingoak, eta astearte honetan da epailearen aurretik pasatzekoa.
Iruñeko Udalak, gertaturikoa argitu bitartean "zuhurtzia" eskatu du, eta aldi berean elkartasuna adierazi die hildako emakumearen familiari eta lagunei.
"Guk ez dugu inolako zalantzarik; Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da", adierazi du Euskal Herriko mugimendu feministak, eta elkarretaratzeak deitu ditu hilketa salatzeko, iluntzean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Bere esanetan, etxebizitza duin faltari eta indarkeriari ihes egiteko aukerarik ezari guztiz lotuta dago hilketa. "Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du", azaldu du mugimenduak. Hala, instituzioien "erantzunkizun falta" salatu du.
Iruñean Sanduzelai auzoan egingo dute mobilizazioa 20.00etan, Bilbon Arriagan plazan 19:00etan, Donostian Bulebarrean 20:00etan, eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan 19:00etan. Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean elkarretaratuko dira.
Itaiak astelehen iluntzean egin zituen mobilizazioak hiriburuetan; matxismoaren ondoriozko halako erasoei "aurre egiteko" eskatu zuen.
2026an hirugarren hildakoa
Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako hirugarren emakumea da Sanduzelaikoa, azken bi hilketak hamar egunen buruan egin dira. Gainera, martxoaren 21ean Zaragozan Irungo emakume bat hil zuen bikotekideak.
2003az geroztik 136 emakume eta hamahiru haur hil dituzte gizonek.