‘Mugarik gabe’ festibalaren baitan ospatuko dituzte Etorkinekin sarearen hamar urteak

  • Irailaren 24tik urriaren 3ra iraunen du festibalak, eta hitzordu kulturalez gain hainbat hitzaldia jarraitzen ahalko dira. Ipar Euskal Herrira etorritako etorkinei harrera egiten dien kolektiboak 80 bat pertsona laguntzen ditu gaur egun.

Migranteei buruzko hamaika elkartasun ekimen garatu ditu Etorkinekin kolektiboak 2016az geroztik. Etorkinekin

2026ko irailaren 10ean - 10:07
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ipar Euskal Herri mailan dabiltzan dozena bat tokiko taldek osatzen dute Etorkinekin kolektiboa, eta zeregin nagusietan du bertaraturiko etorkinen laguntzea. Horrez gain, migranteen errealitateaz eta migrazio-politikez informatzea ere badu helburuen artean. 2016an sortuz geroztik hamar urte pasa direla, kideek argi dute: "Gure lana inoiz baino beharrezkoagoa da migratzaileentzat gero eta gogorragoa den errealitatean".

Mugarik gabe izeneko festibalaren hirugarren edizioa antolatu du kolektiboak irailaren 24tik urriaren 3ra. Migrazio-gaiei eta tokiko elkartasun-ekimenei buruzko mahai-inguruak eta ekitaldiak eskainiko dituzte Baionan, Hazparnen (Lapurdi), Donapaleun (Nafarroa Beherea), Urruñan (Lapurdi) eta Uztaritzen (Lapurdi). Besteak beste, irailaren 26an izanen da laguntzarik gabeko etorkin adingabeei buruzko hitzaldia Hazparnen; urriaren 2an, berriz, migrazioaz generoaren ikuspegitik hausnartzeko momentua izanen da Urruñan; Europaren migrazio-politikaz eta Kanarietako errealitateaz ariko dira urriaren 3an Uztaritzen. Hemen duzue egitarau osoa.

"Eskuin muturraren agenda baztertzailea eta arrazista"

Frantziako Gobernuaren migrazio-politikari buruzko irakurketa zabaldu du Etorkinekin kolektiboak, asteartean eskainitako prentsaurrekoan. "Europar Batasunarekin bat eginda eta eskuin muturraren agenda baztertzaile eta arrazista jarraiturik", harreran izan beharrean segurtasunean oinarrituriko politika bat sustatzen dabilela salatu dute. Adbidez, Frantziako Parlamentuak uda honetan onartu du egoera irregularrean dauden eta "arriskutsutzat" jotzen diren atzerritarrak atxikitze-zentroetan zazpi hilabetez preso mantentzeko aukera –printzipioz hiru hilabetekoa izan ohi delarik gehienezko itxialdia–.

Europar Batasunean ere gauza bera, elkartearen esanetan. "Eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aliantzak" direla eta, geroz eta gogorragoa da migranteen errealitatea: "Hautaketen, atxiloaldien eta kanporaketen logika areagotuz, argi gelditzen da pertsona erbesteratuen babesaren gainetik kokatu duela bere mugen babesa EBk, pertsona erbesteratuen oinarrizko eskubideak mespretxatuta".


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.