Moneta propioa iritsiko da Oarsoaldera eta Baztanera urte amaieran

  • Errenteriako Lekuona fabrika izan da Herriz herri, moneta bat bazkidetza kanpainaren lekuko. Proiektuak Hego Euskal Herriko Moneta propioa sustatzeko helburua du eta Oarsoaldean (Gipuzkoa) eta Baztanen (Nafarroa) abiaraziko da 2026. urteko azken lauhilekoan proiektu pilotua.

Hego Euskal Herriko moneta osagarria aurkeztu dute Errenteriako Lekuona fabrikan. Gure moneta

2026ko otsailaren 26an - 11:51
Azken eguneraketa: 15:07
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Otsailaren 25ean aurkeztu da Errenteriako Lekuona fabrikan Herriz herri, moneta bat bazkidetza kanpaina Gure moneta proiektuaren eskutik. Luix Intxauspe Gure monetaren koordinatzaileak, eta monetaren lehen esperientzia pilotuak Oarsoaldean eta Baztanen martxan jarriko dituzten lantaldeetako kide hurrenez hurren Olatz Olaizolak (Oarsoaldean) eta Aintzane Ariztegik (Baztanen) aurkeztu dute ekimena. Helburuak, garapen ekonomikoa lortzea, enplegua sortzea, justizia soziala bermatzea, trantsizio ekologikoa sustatzea eta euskara defendatzea ditu, “masa kritikoa” sortzearekin batera.

Euroaren balio bera izango duen moneta legala izango da eta europar legediaren eta Espainiako Estatukoaren arabera arautuko da. Norbanako, elkarte, eragile sozial, enpresa eta profesionalei bideratu zaie kanpaina eta 2026ko urte amaieran Euskal Herri osoko 1.000 bazkideren laguntza lortu nahi dute. Bazkidetzak egiteko webgunea ahalbidetu dute. Aurrerago moneta zazpi probintzietara zabaltzeko eta Ipar Euskal Herriko Eusko-a monetarekin bateratzeko asmoa erakutsi dute.

Proiektua hamahiru urte abian daramatzan Ipar Euskal Herriko Eusko-a monetan oinarritu da, zeina elkargoko 158 udalerritan erabiltzen den, 1.500 erabiltzaile profesional eta 4.500 partikularren lankidetzarekin funtzionatzen duen eta bost milioi eusko zirkulazioan dituen. Oarsoaldea eremu urbano eta industrializatua eta Baztan landa eremua izan dira aukeratuak proiektu pilotua abiarazteko, ezberdintasun demografikoez gain, proiektuagatik erakutsitako interesagatik. 2026ko azken hiruhilekoan jarriko da abian proiektua bi eremuetan eta lurraldeko ekonomia indartzen lagunduko duela adierazi dute kanpainako kideek. Monetaren izen propioa eta diseinua udara bitarte erabakitzeko asmoa dutela azaldu dute. Ondorengoak dira proiektuan elkarlanean dabiltzan eragileak: Eusko-a (Euskal Moneta elkartea), Udalbiltza, Cederna-Garalur, Baztango Udala, Oarsoaldeko garapen agentzia, Oarsoaldeko udalak (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), Olatukoop, Dendartean (Gipuzkoako merkatarien elkartea), Euskalgintzaren kontseilua, Bilgune feminista eta Ipar Hegoa fundazioa aurkitzen dira.

Ekimenari babesa erakutsi dioten artean, besteak beste, honako pertsonak dira: Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua), Nekane Artola (Ikastolen elkartea), Aize Otaño (AEK), Unai Andueza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Haritz Alberdi Arrillaga (Udalbiltza), Aizpea Otaegi Mitxelena (Errenteriako alkatea), Mikel Arru Salaberria (Lezoko alkatea), Teo Alberro Bilbao (Pasaiko alkatea), Ibon Mitxelena (Oiartzungo alkatea), Lorea Lizarreta (Baztango Udala), Fernando Nebreda (Oarsoaldeko garapen agentzia), Beñat Irasuegi (Olatukoop), Izaskun Abril (Cederna-Garalur) eta Niessen enpresako zuzendaria.


Ekonomia soziala kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.