AEBek eta Israelek hil zuten bere aita ordezkatuko du Mojtaba Khameneik Irango lider gorenaren karguan. Hala, gerraren erdian, Trumpen eskakizunei muzin egin eta mezu argia zabaldu dute: Iranek ez du amore emateko inolako asmorik.
Mojtaba Khamenei aukeratu dute Irango buruzagi goren gisa "Adituen Batzarra" osatzen duten 88 erlijiosoek, Irango iturri ofizialek igandean jakinarazi dutenez. AEBek eta Israelek otsailaren 28ko bonbardaketetan hil zuten bere aita ordezkatuko du karguan, eta hala, 1979ko Iraultza Islamikoaz geroztik kargua hartuko duen hirugarren lider gorena izango da Mojtaba, Ruhola Jomeini (1979-1989) eta Ali Khamenei (1989-2026) aiatolen ostean. Gerra eta ezjakintasun garaiotan “herrialdearen batasunari eusteko” erabakia dela adierazi zuen lider gorena hautatzeaz arduratzen den batzordeak, eta mezua argia zabaldu: gerra testuinguruan Iranek ez du amore emateko inolako asmorik.
Aukeraketak soka ekarri du, izan ere, aurreko liderraren semea aukeratzea gai korapilatsua da herrialdean, dinastia bat sortu daitekeenaren mamua zabaldu delako: 1979ko iraultza islamikoaren aurretik pahlavi oinordetza-monarkia gogorarazten du. Gainera, azken hamarkadetan, herrialdeko zein atzerriko oposizioak Irango manifestarien kontrako errepresio bortitzarekin lotu dute Khamenei abizena.
Mojtabak ez du inoiz kargu politiko edo erlijiosorik izan aurretik, baina hamarkadetan zehar eragin handia izan du Ali Khamenei bere aitaren zirkuluan, besteak beste, herrialdeko antolakunde militar handiena den Guardia Iraultzaile Islamikoan, Al Jazeera-k zabaldu duenez. Hain zuzen, Irango Guardia Iraultzaileak herrialdeko buruzagi gorenaren aurrean bakarrik erantzuten du, eta, ondorioz, Mojtaba Khamenei da une honetatik aurrera gerra estrategiaren arduradun nagusia.
Trumpi ez zaio gustatu, eta mehatxu egin du
Donald Trump AEBetako presidenteak ez du begi onez ikusi aldaketa. Iran bonbardatu eta bertan gerra bat hasteko helburuetako bat behintzat bazuen erregimen aldaketa, eta horregatik, oinordetza hereditariorik ez zuela onartuko adierazi zuen: "Khameneiren semea onartezina da niretzat, Iranen harmonia eta bakea ekarriko duen norbait nahi dugu". Iranen, baina, ez diete jaramonik egin hitz desafiatzaile horiei, eta ez dirudi euren erregimenaren norabidea aldatzeko asmoa dutenik. Are, Mojtabak bere aitak baino lerro gogorragoa defendatzen du arlo nuklearrean zein moralean.
Hala, aukeraketarekin Irango botere politikoak ez du akordiorik bilatu AEBekin, eta tentsioak gora egin du. Trumpek igande honetan bertan ABC telebista-kateari eskainitako elkarrizketa batean ziurtatu duenez, buruzagi goren berriak "ez du luze iraungo" bere onespenik ez badu. Gainera, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak asteazkenean ohartarazi zuen buruzagi goren ohiaren edozein oinordeko "helburu" bihur zitekeela.