Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herrian Flotillaren aurkako erasoa salatzeko

  • Elkarretaratzeak deitu ditu Global Sumund Flotillak 19:00tan Euskal Herriko plaza ugaritan Gazara bidean ziren 21 itsasontzietako kideek jasandako eraso eta bahiketak salatzeko.


2026ko apirilaren 30ean - 13:23
Azken eguneraketa: 16:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Global Sumud Flotillak elkarretaratzeak deitu ditu ostegunean 19:00tan arratsaldeko zazpitan Euskal Herrian  flotillako kideen kontrako erasoa salatzeko. Joan den igandean abiatu ziren 58 itsasontzi Gazara laguntza humanitarioa eramatera. Siliziako Augusta hiritik abiatu eta Turkiatik igaro ostean, Gazara heltzeko asmoa zuten, blokeoa hautsi eta laguntza humanitarioa eramatera. Asteazken gauean, Israelgo lurretatik 1.000 kilometrotara eta Gazatik 600 mila baino gehiagora zeuden 21 itsasontziei komunikazioa eten diete eta “ehunka ekintzaile modu oldarkorrean” bahitu dituzte, kideek adierazi dutenez. Gainontzeko 37 ontziek aurrera jarraitu dute.

Soldaduak motordun txalupetan bertaratu dira eta “Israel” gisa identifikatuta igo dira ontzietara. Lau hanketan jarri dituzte ekintzaileak eta arma semi-automatikoekin mehatxatu dituzte “buelta eman, edo arriskuan zaudete”, esanez.

Euskal Herritik joandako hamasei ekintzaileetatik zazpi bahitu dituzte gutxienez flotillaren euskal delegaritzak ARGIAri adierazi dionez. Besteek aurrera jarraitzen dute.

Israelen kontrola nazioarteko uretan ezartzearen larritasuna nabarmendu dute, beren mugetatik harago jo dutelako eta inolako ondoriorik ez dutelako. Israeldarrak “Mediterraneoaren gainean duten kontrola normalizatzeko ahaleginean” dabiltzala salatu dute, estatuek eskumenik ez duten urak “zaintzeko edo okupatzeko” eskubiderik ez dutenean.

Nazioarteko zuzenbidearen alde kokatzen diren gobernuei erantzun bat emateko eskatu diete. Neurririk ez hartu izana leporatzeaz gain, ondorengoa eskatu diete: “beharrezko kondena, atxilotuak askatzeko eskaera edo bahituen kokalekuaren inguruko kontuak emateko”.

Ondorengo elkarretaratzeak deitu dituzte 19:00retan Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon plaza Eliptikoan, Donostian Bulebarrean, Gasteizen Correos plazan eta Iruñean Plaza de las Merindadesen.

 


2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko apirilaren 13
Irten da Global Sumud Flotilla Bartzelonatik
"Indartsu gaude, helburua argi dugu eta lortzeko asmoz goaz"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.