Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldiak egin ditu Bilbon maiatzaren 10ean. Zaintza sistema eraldatzeko borrokan “ziklo berri bat” hastea adostu dute eragile feministek. Mugarritzat hartu dute 2027ko apirilaren 17a, Bilbon egingo den mobilizazio nazionala.
Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak prentsa-ohar bidez azaldu duenez, 250 lagun elkartu dira Bilbon. Jardunaldietan, besteak beste, etxeko eta zaintza arloko langileek, mugimendu feministako kideek, sindikatuek, senideek, pentsiodunek, gazteek eta ikasleek hartu dute parte. Horien guztien asmoa izan da jardunaldiak baliatzea “zaintzaren borrokaren ziklo berriari bultzada emateko eta aurrerapausoak elkarrekin marrazteko”. 2023an garatutako Herri Akordioan oinarrituta, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikan parte hartzen duten eragileek hainbat konpromiso hartu dituzte zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan jarraitzeko.
Konpromisoak hiru ardatzen inguruan hartu dituzte: publifikazioa, pribilegio zuria eta gizonen pribilegioa. Besteak beste konpromiso hauek hartu dituzte: pribatizazioak salatzea eta zerbitzu publikoen defentsan antolatutako dinamikak sustatzen parte hartzea; Atzerritarren Legearen kontrako eta errolda sozialaren aldeko dinamikak sustatzea; eragile mistoetako gizonek beraien pribilegioak transformatzeko estrategia indibidual eta kolektiboak garatzea; eta 2027ko apirilaren 17ko mobilizazio nazionala indartzen kolaboratzea.
Eragileek adierazi dutenez, zaintzaren auzia erdigunean jartzea “are beharrezkoagoa” da gaur egun, diskurtso misogino, arrazista eta klasistak indartzen ari direlako, eta eskubide sozial eta kolektiboen aurkako erasoak areagotu direlako. Gogorarazi dute oraindik ere zaintza lanen zama familien bizkar gelditzen dela, eta batez ere emakumeengan eta emakume arrazializatuengan. Salatu dute zerbitzu publikoek ez dutela behar adinako estaldurarik eskaintzen.
Gobernuei eta alderdiei ardura eske
Euskal instituzioei eta gobernuei egotzi diete, 2023ko Greba Feminista Orokorra eta gero, mahai instituzionala eratzeko eskaria egin zitzaiela eta ez zutela erantzun. Deia egin diete: “Ezin duzue zaintza lanen pribatizazioarekin eta merkantilizazioarekin jarraitu”. Epaitegien jarrera ere kritikatu dute, 2023ko greba eguneko gertaeren ondorioz, hainbat feministak epaitegietara joan behar izan dutelako. Batzuk, oraindik, epaiaren zain daude.
Jardunaldien ordu bertsuan Erroldarik Gabe Izaterik Ez plataformak errolda soziala babesteko giza katea egin du, sinbolikoki EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren egoitzak batuz. Jardunaldietako kideek giza katean hartu dute parte.