Mobilizatzen hasi dira Zaldibarko gazteak, emantzipatzeko dituzten zailtasunak gainditzeko

  • Barrura ekimeneko partaideak dira Pello Zabarte eta Ismene San Martin. Zaldibarko Gaztetxean 18 eta 25 urte arteko dozena bat lagunek sortu dute mugimendu hori, gazteen emantzipatzeko zailtasunei loturiko kezkak elkarturik.


2016ko uztailaren 11n - 11:30
18 eta 25 urte arteko dozena bat lagun elkartu dira Barrura mugimenduan (argazkia: Anboto).

Azaldu dutenez, Gaztetxean egin zuten motibazio asteburu batean atera zen etxebizitzaren gaiari buruzko kezka hori. “Arazoa geurea da, eta geu mugitzen ez bagara, inork ez digu soluziorik emango”, azpimarratu du San Martinek. “Askok bizi dugun arazoa da, eta lanean hastea erabaki genuen: lehenengo, egoera zein den aztertu genuen, eta gizarteratze fasean gaude orain”.

Gazte burujabeak izateko gurasoenetik joan ahal izatea ezinbesteko pausoa dela uste dute Barrurako kideek, eta “gazteok daukagun arazoaz kontzientzia hartzea eta denon artean alternatiba bideragarri bat bilatzea” dute helburu.

Alternatiba bideragarria

Emantzipatu gura eta ezin duten Zaldibarko gazte guztientzat alternatiba izango dena bilatzea gura dute Barrurako kideek: “Alternatiba hori zein izango den denon artean erabaki beharko dugu”, diote. San Martinek azpimarratu duenez, “ideal asko daukagu, baina aukera erreala sortu behar dugu”.

Alternatibak eraikitzeko baldintzak Zaldibarren badaudela uste dute: “Batetik, erroldaren arabera 244 etxebizitza huts daudelako gure herrian, Durangaldean badagoelako etxebizitza eskubidearen inguruko mugimendu bat, eta badaukagulako, teorian, udalagaz harreman onak edukitzeko aukera”. Zabartek eta San Martinek uste dute gazte asko ez direla “kontziente arazoaren tamainaz”. Diote, gazteen ia %100ek erantzun duela gurasoenetik joatekotan bikotekideagaz joango liratekeela. “Jenderik gehienak ez du lagunartean alokairuan bizitzeko aukera planteatu ere egiten...”, diote.

Egoeraren erretratua

16 eta 35 urte arteko zaldibartarren egoeraren berri jakiteko, etxebizitzari buruzko inkesta egin zuten irailean. “Bagenekien gazteak oso berandu emantzipatzen direla, baina orain datuak dauzkagu”, diote: “Adibidez, 25 eta 30 urte arteko gazte askok esan ziguten emantzipatzeko asmoa badutela, baina asmo hori bi urteren buruan gauzatzeko modurik ez dutela ikusten”. Bestalde, udalera ere jo zuten informazio eske, eta alokairuaren prezioen eta eredu alternatiboen inguruan ere bildu dute informazioa.

Apirilean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko akanpada egin zuten Barrura ekimenak deituta, eta Gasteizko Errekaleor auzo okupatuko ordezkari baten berbaldia ere antolatu zuten. Herriko etxebizitza hutsak seinalatu dituzte, eta etxebizitza eskubidea gauzatzeko gazteek dauzkaten zailtasunen berri zabaldu dute herrian.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


2024-04-05 | Uriola.eus
Alokairuen laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu direla salatu du Berri-Otxoak plataformak

Lanbideren Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta gizarte-zerbitzuen Larrieldietarako Laguntzak desagerrarazi ditu Etxebizitzaren Lege berria garatu duen Dekretuak.


2024-04-04 | Gedar
La Caixak hiru familia etxegabetu nahi ditu Bilbon

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi dira familiak, eta La Caixak ez dizkie alokairu-kontratuak berritu nahi. Bilboko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, bizilagunak kaleratuz, "alokairu sozialetatik aberasten da" banketxea. "Etxegabetzeak berehala eta... [+]


Eguneraketa berriak daude