Mixel Berhokoirigoin: "Ainitz laborari etxen bezala, konfiantxan, senditzen dira EHLGn"

  • Mixel Berhokoirigoin izan da Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzeko ekintzaile nagusia. Egunotan Ipar Euskal Herriko ganbara alternatiboaren lehendakaritza utziko du, erakunde honen lehen hamar urteetan egindako bideaz pozik. ELB sindikatuaren Laborari astekariak elkarrizketatu du EHLGk justu hamar urte betetzen dituen honetan.

Mixel Berhokoirigoin EHLGren egoitzan. (Argazkia: Kazeta.info)

2015eko urtarrilaren 14an - 10:06
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

EHLGk 10 urte ospatzen ditu. Hamar urteko bide hortan, bi edo hiru gertakari gogoan atxiki behar bazinitu...

Laborantza Ganbararen sortzea, 2005eko urtarrilaren 15a gelditzen da ametsetako egun bat. Biziki bekan baizik gertatzen ahal diren egun horietarik. Ordungo kontestoan jartzen bagira berriz, orduan zen presioaren giroan, jada sendi ziren mehatxuekin, etorri zen jende ospe gaitzarekin, nihungo artifizarik asmatu gabe, emozioz beteriko biltzarre batean ELBk sortu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganbara!

Gogoan atxikiko dut ere 2009-ko urtarrilaren 29ko auzia Baionan. Egun horrek sekulako oihartzuna zuen, mundu bat bildu zen, eta nik sendi nuen pizu bat gaitza: sostengatzen gintuzten milaka jenderi buruz, laborari izan ala ez, ez nuen dretxorik urrats faltsu bat egiteko; filetik gabe nintzan eta hoinbeste jenderen ondoan, bakarrik… Bainan, ikusiz nola bukatu den, orroitzapen onak baizik ez ditut atxikitzen!

Hirugarren gertakaria da gorago aipatu bieri zentzua eta balioa emaiten duena, eguneroko gertakaria: hau da beti laborari gehiago, ELB-koak edo ez, hurbiltzea proposatzen ditugun zerbitzu edo animazioetara; berdin herri, herri elkargo edo beste egitura ainitzen aldetik…

Egun EHLGren izaitea normalizatua da (Chambre d'Agriculturekin konbenioa sinatuko da ere aurten). Alta auzi eta borroka gogorrak gogoan ditugu oraindik. Euskal Herrian zerbait alternatiba sortzeko, konfliktu egoera hortarik pasatu behar ote da aldi bakotx ?

Ezin ulertua da Estadoaren postura… Berak finkatu kuadroa nunbait mugi lezaken iniziatiba guzien beldur da! Ez du nahi Euskal Herriari espazio bat utzi, berak nahi luken antolakuntza edo konpetentzi batzu martxan emaiteko, bainan ez du nahi ere Euskal Herria beste herrialdeen eredugarri izan dadin… Ez du nahi aldaketa estrukturalik atera dadin iniziatiba lokaletarik. Zerbait aldaketa etortzekotz, gainetik behera etorri behar du! Astoa bezala gure kontra plantatzeko partez, zergatik ez gaitu Estadoak esperientzia egiten utzi, Laborantza Ganbara formula berri baten imaginatzen, beharba beste lurraldeentzat ere ongi litekena, eta laborarietarik urruntzen eta burokratizatzen ari diren ganbara ofizialen arraberritze balios bat ekar lezakena…

Bainan, senda ezin eritasunaz joak dira…

Egitura gottorra bilakatua da EHLG. Laborarien egunerokoan zer ekarri edo ekartzen du?

Bai, egitura gottorra bilakatu da: 15 lan postu denbora oso eta 750.000 euroko buxeta. Laborarien egunerokoan hurbiltasuna ekarri du, geografikoki, bainan ere laborarieri buruz. Ainitz laborari Euskal Herriko Laborantza Ganbaran etxen bezala senditzen dira, konfiantzan, konprenituak… Biziki inportantea da hori! Ideia nagusi batzu aintzinarazten ditugu ere, hala nola ingurumena zaintzea eta ekonomikoki bizitzea elgar uztartzen ahal direla. Orroitarazi nahi dut landu dugun lehen dozierretarik izan zela, duela kasik hamar urte, Natura 2000ren gaia, ekonomia eta ingurumena nola uztartzen ahal ziren ikusteko. Lehenak izan gira “tabou” baten hausten demagogia gogorra zelarik politika horien kontra, Paueko Ganbara eta hautetsi batzuek bultzaturik… Geroztik urak egin du bide! Euskal Herrian, Natura 2000ri lotu lehen diru laguntzak guk animatu zonaldetan izan dira. Egiten dugu lan haundia laborantza iraunkorrari buruz ere, etsenpluak eta formakuntzak emanez, esperientziak eginez.

Soka tira gaitza bada laborantza modeloen artean, industrializazioa eta iraukortasunaren artean. Badakigu nork nora tiratzen duen.  Gu gira soka hortan beste batzuen ondoan laborantza iraunkorrari buruz tiratzen dugunak, lana eginez esplikatzeko rotazioa hobe dela monokultura baino, inbestizamendueri kasu egin behar dela, ekonomia eta autonomiari buruz nola posible liteken abantzatzea, belardi, proteina eta holako gaietan…

Bestalde, laborariak inplikatuak diren hamar bat desmartxa kolektibo animatzen eta laguntzen ditugu: Herriko haragi, gerezia, olio eta beste… Horiek guziek ondorio baikorrak dituzte Euskal Herriko Laborantzaren geroari buruz.

Zer falta du oraindik EHLGk?

Laborantza hunkitzen duten espazio gehienak estaltzen ditugu. Nahitara, laborantza biologikoa eta etxe ekoizpenen gaiak ez ditugu zuzenki tratatzen, BLE eta APFPB elkarteak hor baitira sail horiek efikazitatearekin eramaiten dituztenak laborantza iraunkorraren izpirituan. Zerbitzuak doblatzeko ordez, hobe dugu partaidetasunean aritzea. Gure aldetik, sektore pare bat azkartu behar dugu oraino, ditugun galderer erantzuteko, adibidez hazkuntza mailan, bainan ez gira gure “régime de croisière” hortarik urrun! Gero, hasierako izpiritua eta helburuak zaindu beharko ditugu beti.

Euskal Herriko laborantxaren geroa nola ikusten duzu?

Dugun desafio nagusia da frogatzea laborari ainitzekilako laborantza posible dela gaur eta epe luzera. Horren frogatzeko ez bagira gai, gure borroka guzien ondorioa, ororen buru, 20 edo 30 urteren berantarekin beste eskualdeen heinera erortzea liteke. Uste dut Euskal Herriko laborantzan ditugun indar eta dinamika guziekin, izan dadin sindikat, garapen edo ekonomia mailan, nahi dugun laborantza hori luzarako atxikitzen ahal dugula. Berriz erraiten dut: laborari ainitz izaitean da gakoa, instalatzeko gogoa emaiteko, xoko guziak bizirik atxikitzeko, elkartasuna, kultura eta morala atxikitzeko, gure bazter eta paisai ederrak zaintzeko. Ez da irabazia, bainan sinesten dut  biharko laborantza bide hortarik joanen dela…

30 urte sindikalgintzan eta 10 urte laborantxako garapenaren arloan pasatu ondoan, EHLGren lehendakaritza uzten duzu. Militante bizi aberats, eta menturaz akigarriari ere, erretreta emaiten dakozu ?

Osto bat itzuliko da, bainan ez dut erretretari pentsatzen. Laborantza Ganbarako bulegoan segituko dut oraino kotsia, eta gero ikusiko… Laborantza sektorean, beti helburu beren zerbitzuko, bada nun zer egin, beste molde batez bada ere… Ideia batzu ari zauzkit oino buruan itzulika… Ikusiko!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHko Laborantza Ganbara (EHLG)
2023-11-10 | Euskal Irratiak
Ostiralean ireki ditu ateak Lurramak, Iparraldeko laborantza iraunkorraren saloiak

Emazteek laborantzan leku garrantzitsua izanik ere, ainitzetan gizonen itzalean izan dira. Hori aldatu nahian, emazteak erdigunean ezarriko dituzte aurten Lurraman.


2023-07-11 | Enbata
Emazte laborariak argitan

Azaroaren 10, 11 eta 12an, Biarritzeko Irati gelan iraganen den Lurramaren 2023ko edizioaren kari, emazte laborariak argitan ezartzea erabaki du Lurrama elkarteak, «Emazte laborariak argitan» tematikarekin.


2023-07-06 | Euskal Irratiak
Emazte laborariak argitan aurtengo Lurraman

"Emazte Laborariak Argitan"  izanen da aurtengo Lurramaren leloa. 27 emazte laborari agertzen dira afixan. Haien rolak, engaiamenduak, eskumenak eta berezitasunak azpimarratuko dituzte heldu den azaroaren 10, 11 eta 12an, Miarritzeko Irati gelan.


2022-11-11 | Euskal Irratiak
"Mendiaren erabilpena lehen baino gehiago kudeatu behar da"

Lurrama, laborantzaren saloina Miarritzeko Irati gelara itzuliko da aurten baina kasu, ostegunetik larunbatera iraganen da 17. edizioa. "Mendiguneak bizirik!" hautatu dute lema gisa eta Pirinio inguruko laborariak gomitatuak dira.


Aurtengo Lurramak mendiaz gogoetatzeko aukera eskainiko du azaroaren 10, 11 eta 12an

Miarritzeko Irati aretoan iraganen da laborantza herrikoiaren besta. Besta eta hausnarketa uztartuko dituzte hiru egunez, laborantza industrialaren parean garaturiko eredu herrikoia ezagutarazteko xedez.


Eguneraketa berriak daude