Horixe da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan adierazi duena. Azaroaren 5ean egitea proposatu zien etxebizitza sindikatuei eta LABi, baina, azken horrekin ez ziren ados jarri.
Euskal gehiengo sindikalak bere logikarekin eraman izan ditu Euskal Herriko azken greba orokorrak, hala nola gutxieneko soldataren aldeko joan den martxoaren 19koa. Bestelako kontua izaten da Estatu Espainiarreko sindikatu nagusiek egiten dutenean deialdia, orain bezala. Azaroaren 11rako iragarri zuten greba orokorra UGTk eta CCOOk, eta horren aurrean erabaki behar zuten euskal sindikatuek.
Azkar erabaki zuten: bat egiten zuten deialdiarekin, baina ohiko ika-mikak ez dira falta izan erabaki prozesuan. Ostiral goizean Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan Mitxel Lakuntzak adierazi duenez, “guk azaroaren 5a genuen buruan. Iniziatiba hartzeko aukera ematen zigula uste genuelako. Madrilen zain egon gabe. Gainerakoa ez da inolaz ere ELAren diseinu ez eredua ere”.
Lakuntzaren esanetan, ELAk nahi izan du “Madrilgo markotik eta elektoralismotik aldendu. Interferentziarik gabe erakundeetan aldarriak eta proposamenak bideratzeko xedez”. Euskal Herrian etxebizitza politikak errotik aldatu behar direla uste du, “eskumen gehienak hemen daudelako”, eta grebarako euskal esparrua aldarrikatzen badute “eraginkorrena dela” uste dutelako da: “Gu ez gara Espainiako sindikalismoaren azpisistema bat”.
Aparteko datarik adostu ez dutela ikusita, Lakuntzak dio ELAren esku “dagoen guztia eginen dutela Maria Chiviteren eta Imanol Pradalesen gobernuetara iristeko”. Etxebizitzaren eztabaida Madrilen kokatu dela, baina arreta Euskal Herrian jarriko dutela. Nafarroako aurrekontuetatik etxebizitzara %1 bakarrik bideratzen dela azaldu du, beraz, “hau baldin bada Nafarroako biztanleek duten lehen arazoari erantzuteko modua, esanen genuke ez dela bidezkoa %1 baino ez bideratzea horretara”.
Salatu du 2015etik etxebizitza politikan ez dutela errotik egindako aldaketarik ikusi Nafarroan: “Abiapuntua espekulazioarekin amaitzea izan behar da. Alokairuen parkea aztertuz gero ikusten da %30 200 familia edo enpresen esku dagoela. Zergak zenbatekoak dituzte espekula ez dezaten? Hor ere jarri behar da ikusmira”.