Hazparnen jokatu da larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioa; Miren Artetxek irabazi du saioa eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoen lehenengo itzulira.
500 lagunetik gora bildu dira larunbatean Hazparneko Mendeala gelan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo saioan. Aritz Bidegain Aire gai-jartzailearen atzetik sartu dira bertsolariak, zozketak erabakitako ordenan:
Eki Mateorena Zozaia
Miren Artetxe Sarasola
Unai Anda Delika
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Xabat Galletebeitia Abaroa
Peru Abarrategi Sarrionandia
Ariketa puntuagarriak egin ostean, Miren Artetxe Sarasola izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 709 punturekin. Beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetako lehenengo itzulira eta Eibarren kantatuko du urriaren 31n. Ondotik geratu dira bertsolariek lehenengo fasea amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.
Horrela geratu dira gaurko puntuazioak:
Miren Artetxe Sarasola_____________709
Maddi Ane Txoperena Iribarren_____691
Xabat Galletebeitia Abaroa ________672
Unai Anda Delika__________________636,5
Peru Abarrategi Sarrionandia_______631
Eki Mateorena Zozaia_____________589,5
Larunbatean epaile lanetan Aitor Jimenez Tolosana, Bakarne Urreaga Etxeberria, Iban Thicoipe, Jon Diaz de Mendibil Sarasti, Mirari Azula Aurrekoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Unai Muniain Caballero aritu dira. Idazkari lanetan, berriz, Ainhoa Goñi Castañares eta Itxaro Juaristi Olaetxea aritu dira.
Ofiziotan aritu dira bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Puntua jarrita hiru bertso egin eta gero, ofiziotan aritu dira berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lana: “Begietara begiratu diozu. Ez dakizu sinetsi edo berriro gezurra erraten ari zaizun”. Hiruna bertso bota dizkiote gaiari sei bertsolariek.
Ohi moduan, bertsolarien agurrekin bukatu da saioa.
Datorren asteburuan bi saio jokatuko dira: larunbatean Altsasun eta igandean Lekeition.
Bi saioetako sarrerak oraindik lor daitezke, www.bertsosarrerak.eus atarian. Bestela, saioaren egunean bertan leihatila 15:30ean zabalduko da. Saioa hasi baino ordubete lehenago zabalduko dira ateak, 16:00etan. Sarrerak zenbakitu gabeak dira, beraz, garaiz ibiltzea gomendatzen da.