Donostiarra da Astiazaran, 26 urte ditu eta AD eta Zuzenbide ikasketak bukatu ondoren, Errenteriako Udalak eten duen LEPean aurkeztu da. Orain frustrazioa eta nekea sentitzen dituela dio. Aurretik berdin gertu zitzaion Gipuzkoako Foru Aldundian izandako beste oposizio batzuekin, haietan ere hizkuntza-eskakizunak atzera bota zituzten auzitegiek.
Ikasketak egin ondoren, administrazio orokorreko teknikari izateko enplegu deialdi batera aurkeztekoa zinen, baina udan bertan behera gelditu zen deialdia. Zer gertatu zen?
Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiteko oposizioak prestatzen ari naiz, hain zuzen ere, administrazio orokorreko teknikari lanposturako. Deialdia 2024an argitaratu zen, baina prozesua 2025eko martxoaren 14an eten egin zen. Jakinarazi ziguten deialdiaren aurka auzi-errekurtsoa aurkeztuta zegoela eta, gainera, Foru Aldundiaren beste hautaketa-prozesu batean hizkuntza-eskakizunaren nahitaezkotasunari buruz emandako epai judizial baten ondorioz, gure deialdia behin-behinean geldituko zutela, aurkeztutako helegitearen bideragarritasuna argitu arte.
Helegitea aurkeztu zuten oposizio-lehiaketan derrigorrezko 4. hizkuntza-eskakizuna eskatzen zelako, eta 2025eko abuztuan jakinarazi ziguten errekurtsoa onartua izan zela. Horren ondorioz, une honetan urtebete baino gehiago daramagu prozesuarekin zer gertatuko den jakin gabe, erabateko ziurgabetasunean.
Eta gero Errenteriako Udalaren enplegu deialdia etorri zen, eta antzera gertatu da. Orain nola joan da kontua?
Bai, neurri handian dinamika bera errepikatu da. Nire kasuan, Foru Aldundiko deialdiaren ebazpenaren zain nagoen bitartean beste administrazio batzuetako prozesuetan ere eman dut izena, ahal den neurrian prestaketari jarraipena emateko. Alabaina, orain ere, antzeko egoera baten aurrean nago: deialdiaren oinarriak inpugnatu dituzte, berriz ere hizkuntza-eskakizunaren auzia tarteko.
Gainera, ARGIAn argitaratu dituzuen artikuluek agerian utzi dute arazoa ez dela kasu isolatua, joera zabalago baten parte baizik. Egia esan, ez ninduen ezustean harrapatu, azken urteotan antzeko errekurtsoak behin eta berriz errepikatu baitira.
Nola sentitzen zara?
Oposizioak prestatzea epe luzeko konpromisoa da eta sakrifizio handia eskatzen du: urteetako dedikazioa, egonkortasun eza eta diru-sarrerarik gabeko denbora luzea. Hori horrela, deialdiak etengabe inpugnatzeak prestaketa-aldi horiek are gehiago luzatzen ditu, eta oposiziogileon egoera pertsonala zein ekonomikoa are prekarioago bihurtzen du.
Horregatik, euskararen aurka etengabe errepikatzen ari den boikot judizialaren aurrean frustrazioa, nekea eta nolabaiteko etsipena dira nagusiki sentitzen ditudan emozioak.
Zer balorazio egiten duzu Errenteriako Udalak LEPa atzera bota izanaz?
Nire ustez arazoaren muina ez dago tokiko administrazioan bertan, azken urteotan euskara jasaten ari den oldarraldi judizialean baizik.
Gainera, badirudi horren atzean sare antolatu bat dagoela, eta modu koordinatuan jarduten dutela euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzeko asmoz.
Zer komentatzen duzue gaiaz deialdi hauetarako prestatzen ari den jendearen artean?
Gai honekin lotuta, askok komentatu genuen Kike Amonarrizek MIR azterketen inguruan idatzitako txioa. Izan ere, MIR probetan gaztelania C1 mailan menperatzea eskatu zitzaien gaztelania hizkuntza ofiziala ez duten herrialdeetako hautagaiei. Baldintza hori, ordea, ez zuen inork diskriminaziotzat jo, guztiz logikotzat hartu zen, herrialde bateko hizkuntza behar bezala menperatzea ezinbestekoa baita arreta-zerbitzu egokia emateko.
Logika bera gure testuingurura ekarrita, Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala da, eta, beraz, zentzuzkoa da administrazioan lan egiten dutenek hizkuntza hori behar bezala menperatzea herritarroi kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.
Deialdiak atzera botatzen dituztenek esaten dute haiek “langileak defenditzen dituztela” agintaritza publikoen abusuetatik. Zer uste duzu?
Nire ustez, diskurtso horrek askotan errealitatea lausotzen du. Ezinbestekoa da langileen eskubideak defendatzea, baina bidegabea da diskurtso hori erabiltzea euskaldunon eskubideak murrizteko edo bigarren mailan uzteko.
Sarritan entzuten da hizkuntza-eskakizunek pertsonak diskriminatzen dituztela. Hala ere, argudio horrek badu hutsune nabarmena: euskara ikas daitekeen hizkuntza da, eta gaur egun baliabide ugari daude horretarako. Bestalde, administrazio-prozesuetan beste baldintza asko ere eskatzen dira, eta horiek ez dira diskriminaziotzat jotzen. Adibidez, lanpostu baterako zuzenbideko gradua eskatzen bada, inork ez du esaten baldintza horrek beste hautagai batzuk baztertzen dituelako diskriminatzailea denik.
Hizkuntza-eskakizunen kasuan ere logika bera aplikatzen da: administrazioak herritarroi zerbitzua emateko behar dituen gaitasunak definitzen ditu. Eta ezin dugu ahaztu funtsezko kontua: eskubidea dugu administrazioarekin euskaraz jarduteko eta euskaraz artatuak izateko. Eskubide hori ez da printzipio teoriko hutsa; praktikan bermatu beharreko eskubidea da.
Horretarako tresnarik eraginkorrena lanpostuetan hizkuntza-eskakizun egokiak ezartzea da. Azken batean, administrazio publikoek bi hizkuntza ofizialak bermatu behar badituzte, zentzuzkoa da bertako langileek bi hizkuntzetan lan egiteko gaitasuna izatea. Hori ez da inoren aurkako neurria; aitzitik, herritarron eskubideak benetan errespetatzeko oinarrizko baldintza da.
Uste duzu bermatu daitekeela herritar euskaldunarekiko zerbitzu egokia C1etik beherako hizkuntza-eskakizun batekin?
Lanpostu bakoitzak bere eginkizun eta behar zehatzak ditu, eta horregatik gobernu-organoek aztertzen dute zein hizkuntza-gaitasun behar den kasu bakoitzean.
Gainera, lanpostu guztiek ez dute euskarazko hizkuntza-eskakizunik, baina administrari lanetan testu juridiko edo teknikoak ulertu behar dira, txostenak idatzi, bileretan parte hartu eta herritarrokin modu naturalean komunikatu. Horretarako euskaraz komunikatzeko maila sendoa behar da.
Zerbait gehiago gehitzeko?
Garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea egoera hori ez dela soilik oposiziogileon edo administrazio-langileen auzia. Funtsean herritarron hizkuntza-eskubideen auzia da. Euskaldunok administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea dugu, eta eskubide hori benetan errespetatua izan dadin, beharrezkoa da administrazioak konpromiso irmoa erakustea hizkuntza-politiketan.
Zentzu horretan, azpimarratzekoa da hainbat eragile sozial egiten ari diren lana. Esaterako, Donostiako Bagera elkartea lan handia egiten ari da gai horren inguruan kontzientzia soziala pizteko. Martxoaren 16an, 18:00etan, Donostiako Egia auzoan kontzientziazio-saio bat antolatu dute, gai horren inguruan hausnartzeko eta egoerari buruzko informazioa zabaltzeko. Horrelako ekimenek lagundu dezakete gizartean eztabaida informatua sustatzen eta euskararen normalizazioaren aldeko kontzientzia indartzen.