argia.eus
INPRIMATU
Mintzakide programan aritzeko aukera abian da Iruñerrian
  • Iruñerriko Mintzakide egitasmoak jakinarazi duenez, urrian ekingo dio ikasturte berri honetako ibilbideari. Ekimenaren esanetan, “euskara bizi eta erabiltzeko aukera paregabea da eta aurten berriro euskaraz aritzeko bidea irekiko die hainbat laguni”.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 08a

Etxealdian mintzakideak internet bidez jarraitu dute harremanetan, baina uda ondoren, “bidelagun eta bidelariak berriz irtengo dira karriketara, astero berriketan goxo aritu eta elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko”. Adierazi dutenez, garaiak kontuan hartuz, “elkar zaintzari bereziki erreparatuko diote, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuz”.

 

Mintzakideek euskaraz bizi nahi dutelako ematen dute izena Mintzakide egitasmoan; lagun euskaldun berriak egin nahi dituztelako, esperientzia berriak euskaraz bizi nahi dituztelako, euren euskara maila hobetu nahi dutelako, jendaurrean euskaraz aritzeko beldurrak uxatu nahi dituztelako eta beste hainbat arrazoirengatik. Ikasturte honetan, gainera, aurrez aurreko bilerez gain, Mintzakide taldeak sarean aritzeko aukera ere eskainiko da.

 

Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileak talde txikietan elkartu eta astean behin ordu betez euskaraz aritzen dira, paseoan, kafetegian, parkean... haiek egoki ikusten duten gisan. Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzakide bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

 

Beheko bideoan ikus daiteke horietako talde bat nola elkartzen den eta Mintzakideren webgunean eman daiteke ekimenean parte hartzeko izena. Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du Mintzakide ekimena eta 21 herri eta eskualdek parte-hartzen dute kanpainan.