Indarkeria bikarioari buruzko aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak

  • Legearen aurreproiektuak ez du delitu gisa kontsideratuko indarkeria bikarioa, baizik eta larrigarri gisa, genero indarkeriarekin lotuta. Definizioz ere aldatu egingo da, eta indarkeria bikarioa kontsideratuko da amaren inguruko familiari ere eragiten dionean. Aita erasotzaileari guraso ahala eta bisiten eta egonaldien erregimena kenduko zaizkio, beste neurri askoren artean.

Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak azaldu du indarkeria matxistaren biktimen eta ama babesleen elkarteekin lanean aritu direla aurreproiektua ateratzeko. Espainiako Berdintasun Ministerioa

2026ko uztailaren 15ean - 11:46
Azken eguneraketa: 15:38
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ia urte erdiko atzerapenarekin, aurrera doa legearen aurreproiektua. Espainiako Ministroen Kontseiluan onartuta, uda igarotzean Kongresura bidaliko dute. Indarkeria bikarioa Zigor Kodean definituko dute eta hamar arau aldatuko dituzte, haurrak aitarengandik aldetzea lehenetsita. Helburua indarkeria matxista mota hori "ikusarazi, identifikatu, aurreikusi, zigortu eta erauztea" da. Onartzen bada, aitari guraso ahala eta bisita zein egonaldi erregimena kenduko dizkiote.

Berria egunkariak jaso du zabal albistea. Indarkeria bikarioa genero indarkeria mota bat da, hau da, gizonek bikotekidearen aurka egiten duten indarkeria mota da. Indarkeria bikario gisa ezagutzen da, normalean, aitak seme-alabak jazartzen dituenean, ama mintzeko helburuarekin, baina harago doa. Indarkeria Bikarioaren Aurkako Neurriei buruzko Lege Organikoak honela definituko du, legea aurrera ateraz gero: "Andreei mina edo sufrimendua eragiteko asmoarekin, bikotekideak edo bikotekide izandakoak, edo andrearekin lotura afektiboa duenak, seme-alaben, gurasoen, neba-ahizpen edo bikotekideen aurka egiten duenean". Hau da, ez litzateke delitu kontsideratuko, baizik eta larrigarria.

Indarkeriaren definizioa aldatzea eta Zigor Kodean jasotzeak aldaketa dakar. Hasiera batean, testuaren lehen bertsioan berariazko delitu gisa ageri zen eta horrek ondorioak ekar zitzakeen, adibidez, emakumea bera zigortzea. Ordea, aurreproiektu berrian genero larrigarri gisa kontsideratuta, kondena handiagoak izango dira, epaileek zigor tartearen erditik gora jarri beharko dutelako. Ana Redondo Espainiako Berdintasun ministroak azaldu du indarkeria matxistaren biktimen eta ama babesleen elkarteekin lanean aritu direla aurreproiektua ateratzeko. 

Aldaketak

Aurreproiektua onartuz gero, indarkeria mota horrengatik zigortutako edo auzibidean dauden aitei guraso ahala kenduko zaie, baita bisita eta egonaldien erregimena ere. Guraso ahala berriro eskuratzeko aukera bakarra behin kartzela zigorra beteta eta aurrekari penalak bertan behera uztea da. 

Guraso ahala eta bisiten erregimenaz gain, zaintza erregimenak ere gera daitezke bertan behera, haurren "osasun fisiko, psikiko edo emozionalerako "kaltegarriak" izan daitezkeen indarkeriaren zantzuak egonez gero. 

Halere, salbuespenezko egoeretan, epaileak neurri horiek aldatzeko aukera izango du, beti ere haurraren "interes gorenean" oinarrituta. Haurrak bere borondatea ematea ezinezkoa duen kasuetan, adituek hartuko dute papera. 

Aurreproiektuak beste zigor bat ere aurreikusi du, egindako delituarekin zerikusia duten "mezu, testu, irudi edo bestelako edukiak" zabalduz gero. Amak aukera izango du ere seme-alaberi aitaren abizena kentzeko. 

Proposatutako aldaketek indarkeria bikarioa sufritu duten amaren eta haurren bidea erraztuko luke. Orain arte aita erasotzaileek guraso ahala galtzea zaila zen. Ordea, Redondok azaldu duenez, orain nahiko izango da amaren baimenarekin, nahiz eta erasotzaileak jakin egin beharko duen. Are, salaketarik ez badago, adituek emakumea aztertu eta indarkeriazko egoeran dagoela ondorioztatuz gero, haurrek laguntza psikologikoa izango dute. 

Aurreproiektua onartu badute ere, ikusteke dago zer gertatuko den Gorteetara eramaten dutenean. "Neurriak adostuta daudenez gero, espero dugu prozesu parlamentarioan onartu ahal izatea".


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...