Militarrak Ceutan migratzaileak jipoitzen eta umiliatzen ari direla salatu dute

  • elDiario.es egunkari digitalak militarren jipoiak jaso dituzten hogei etorkinen testigantzak bildu ditu, eta patroi bat identifikatu: "Marokoarrei indarkeriaz eraso egiten diete, eta tratu umiliagarriak pairatzen dituzte". Migratzaileen eta giza eskubideen aldeko elkarteek antzeko ehun eraso inguru salatu dituzte. Espainiako Gobernuak ikerketa ireki du gertakariak sakonago aztertzeko.


2026ko irailaren 17an - 10:51
Azken eguneraketa: 13:11
Ibilgailu militar bat Ceutan. Samuel Vega / elDiario.es
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Militarren patruilak egun osoan dabiltza Ceutan (Espainia) zehar, uztailaren 30ean eta 31n hirira iritsi ziren marokoar migratzaileen bila: elDiario.es egunkari digitalak bildutako testigantzen arabera, militarrek migratzaileei "bortizki" eraso egiten diete, dirua kentzeaz eta mugikorrak lapurtzeaz gain. Gainera, zenbait etorkinek salatu dute "tratu umiliagarriak" ere pairatu dituztela: esate baterako, Marokora indarrez itzultzeko mehatxupean, ilea motz-motz moztea; eta, hori egin ezean, kolpatzea.

Irailaren 11ko goizaldean bi militar patruilek sarekada bat egin zuten Los Rosales auzoko eraikin abandonatu batean. Auzoko elkarteko boluntarioak eta zenbait kazetari lekura gerturatu zirenean, ordea, militarrek eraikinetik alde egin zuten: orduan, aurpegia odolez beteta zuen migratzaile bat agertu zen, militarrek eraso egin zietela salatuz: "Militar hauek jipoitu eta umiliatu gaituzte, mugikorrak eta genituen gauza guztiak kendu dizkigute". Zauri larriak zituzten hiru etorkin ospitalera eraman behar izan zituzten anbulantzia batean. 

Marokoar migratzaile bat, militarrek Ceutan emandako jipoiaren ostean. elDiario.es

"Adin txikikoa naiz. Beldur izan gara, harrapatuta geunden eta barre egiten ziguten kolpatu bitartean", adierazi zuen eraikin abandonatuan zegoen beste pertsonetako batek. Beste batek salatu zuen militarrek 180 euro lapurtu zizkiotela, amak emandakoak Ceutan bizirauteko. Hiru egun lehenago, irailaren 8an, beste etorkin batek salatu zuen hiriko kanpalekuetako batean bost militar haren txabolara sartu zirela, eta horietako batek aurpegian borrarekin jo zuela.

Militarrek migratzaile bati emandako jipoia jasotzen duen ospitaleko txostena. elDiario.es

Horrez gain, migratzaileak jipoitzen, haiei elikagaiak banatzen dizkieten gobernuz kanpoko erakundeen jarduna ere oztopatzen ari dira militarrak: irailaren 12an, bost militar zihoazen ibilgailu militar bat bi orduz egon zen No Name Kitchen gobernuz kanpoko erakundearen egoitzako sarrera blokeatzen, eta bertako boluntarioei lana zailtzen. Gainera, boluntario horietako batek salatu zuen militarrek iruzkin matxistak egin zizkiela.

Umiliazioak

Militar batek migratzailea borrarekin kolpatu zuen egun berean, irailaren 8an, dozena bat militar inguru Tarajal hondartza inguruko poligonora sartu ziren, bertan etorkin ugari bizi baitira egoera zaurgarrian. elDiario.es hedabidearen arabera, zenbait migratzaile ilea motz-motz moztuta irten ziren poligonoan ezkutuan dagoen leku batetik.

"Militarrek ile apaintzaileari esan diote niri ilea motz-motz moztu ezean, Marokora indarrez bidaliko zutela", esan zion etorkin horietako batek kazetariari. El Trampolin hondartzan, berriz, bi migratzaileek egunkari digital berari salatu zioten militarrek piper gasarekin eta borrarekin eraso egin zietela, eta ondoren guraizeekin ilea moztu.

elDiario.es-ek argitaratutako testigantzen aurrean, Espainiako Gobernuk adierazi du "edozein motatako indarkeria" gaitzesten duela: jakinarazi du ez duela jaso gisa horretako erasoen salaketa bakar bat ere, baina ikerketa irekiko duela: "Beharrezko pausoak jarraitzeko eta errudunak aurkitzeko konpromisoa hartzen dugu".


Arrazakeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.