37 urtez Irango lider gorena izandako Ali Khameneiren omenaldia hasi da. Iranen eta Iraken artean egingo dute, bost hiritan, eta Maxad hirian amaituko dute, aiatolaren sorterrian eta xiismoaren herri sakratuan. Teheranen egin diote lehen agurra asteburuan. Martiri gisa omendu eta AEBen, Trumpen eta Israelen aurkako aldarriak egin dituzte. Mojtaba Khamenei Irango liderra eta omenduaren semea ez da agertu, Israelen mehatxuengatik, esan dutenez.
Edonora begiratuta ere, jendetza erakusten dute airetik ateratako irudiek. Milioika jarraitzaile bildu dira Teherango Mosalla meskitan eta inguruetan Ali Khamenei aiatolari azken agurra emateko. Irango azken aiatola izandakoaren omenaldiak sei egun iraungo ditu, ostiralean hasi eta datorren ostegunera bitarte. Lehen bi egunetan AEBen, Trumpen eta Israelen aurkako aldarriak egin dituzte.
Ali Khamenei 1989an bilakatu zen aiatola, haren aurreko Ruhollah Jomeini aiatola hil eta gero. Jomeinik gidatu zuen, hain justu, 1979ko Irango Iraultza. Khamenei 37 urtez izan da Irango liderra, pasa den otsailaren 28an AEBen eta Israelek gerra hasi eta eraso batean hil zen arte.
Ia astebeteko omenaldia da, pasa den ostiraletik datorren ostegunera arte. Bi herrialdeetan eta bost hiritan egingo da: uztailaren 3tik 6ra Teheranen, uztailaren 7an Qom hirian (Iran), uztailaren 8an Najaf eta Karbala hirietan (Irak) eta azken agurra uztailaren 9an Maxad hirian (Iran), aiatolaren sorterrian eta xiismoaren hiri sakratuena. Asteburuan Teheraneko Mosalla meskitan egon da gorpua eta astelehenean segizioa egingo dute hiriburuko kaleetatik. Aurreikusi dute gutxienez hogei milioi zale bilduko direla Teheranen.
Sinbolismo politiko eta erlijiosoz beteriko omenaldia izaten ari da. Bandera gorriz eta Khameneiren argazkiekin bete dira Teherango kaleak. Martiriekin lotuta egon ohi dira bandera gorriak xiismoan, baina baita mendekuarekin ere. Aiatolari leialtasuna helarazi diete bertaratutako jarraitzaileek, eta mendekua ere aldarrikatu dute. "Heriotza Amerikako Estatu Batuei eta Israeli", irakurri daiteke pankarta batean, eta "Trump hil", beste batean.
Goi karguak, baina bere semea ez
Hainbat herrialdeetako ordezkariak bertaratu dira aiatolari azken agurra ematera, tartean, Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharif, Iranen eta AEBen eta Israelen arteko bitartekaria azken gerran. Iranek babestutako Erresistentzia Ardatzeko ordezkariak ere bertaratu dira, besteak beste, Libanoko Hizbolah milizia xiita, Yemengo huthiak eta Hamaseko kideak.
Ordea, Irango egungo lider goren eta aiatolaren seme Mojtaba Khamenei ez da agertu, Israelek erasotzeko mehatxu egin eta gero. Martxoan izendatu zuten lider goren Khamenei, eta ordutik ez du agerpen publikorik egin, adituen arabera, mehatxuetatik babesteko.