Lan jarduna hamabi ordura igotzea, greba eskubidea murriztea eta kaleratze ordainak kentzea onartu ditu, besteak beste, Argentinako Senatuak. Kongresuaren kanpoaldean, Polizia manifestariei oldartu zaie, eta 300 zauritu eta 43 atxilotutik gora utzi ditu.
Atzerapauso izugarria eman dute Argentinan lan eskubideei dagokienean, horixe salatzeko bildu da Buenos Airesen Kongresuko kanpoaldean milaka pertsona. Eraikinaren ateez bestaldean, Argentinako Senatuak “lan modernizaziorako” erreforma onartu du, horrela deitu dio presidente neoliberalak. Finean, lan eskubideen murrizketa ekarriko du onartutakoak, eta XX. mende hasierako egoerara eramango ditu argentinarrak, manifestari askok salatu dutenez. Polizia gogor oldartu zaie horiei, gas negar-eragilea eta gomazko pilotak erabilita: 300 lagun zauritu, 70 behin-behinean atzeman eta 43 atxilotu ditu.
Hego Amerikako neoliberalismoaren abangoardia bihurtu da Javier Milei. Bi urte eskas daramatza gobernuan, eta neurri polemikoen eta arrabotsa sortu duten hitzaldien artean lortu du, hain zuzen ere, postu hori. Boterean dagoenetik bi aldiz pasatu behar izan du jendearen balidazio publikotik, eta lehenak, iazko irailean esperantza printza bat piztu zuen herrialdeko ezkertiarrentzat: probintziako ordezkarien hauteskundeetan, Buenos Airesko barrutian, nabarmen galdu zituen hauteskundeak, peronistengandik hamahiru puntutara geratuta. Bigarren errondan, ordea, legebiltzarrekoetan, aise nagusitu zen alderdi neoliberala, bere iparraldeko sozio Donald Trumpen laguntzarekin, edonola ere.
Nagusitasun politiko horrek ahalbidetu dio ostegunean hartutako erabakia hartzea. Lan erreforma murriztaile bat jarri zuen mahai gainean iazko abenduan, eta orduan ere sortu ziren protestak; asteazken arratsaldean –Europako ostegun goizaldean–, neurri horiek onartu dizkio Senatuak. Kongresuak izango du azken hitza, eta hori zein izango den ikusteko dago oraindik: 129 bozkatan dago gehiengoa, eta Mileiren alderdiak eta bere aliatuek 117 batu dituzte.
Argentinako langile borrokaren aurkako neurri garbitzat jo dute askok, mugimendu horrek lortutako garaipenen aurkakoa bai, bederen. Izan ere, lanaldia hamabi ordura luzatzeko aukera aitortzen du erreformak; hainbeste grebaren ostean lortutako garaipena bertan behera uztea, alegia. Greba bera ere aldaraziko du erreformak, horretarako eskubidea mugatuko baitu: ezinbesteko sektoreen kopurua igoko du erreformak.Aparteko orduak ere desagertuko dira, eta lantokitik kanpoko gaixotasun edo istripua izatekotan, baja soldataren %50ekoa baino ez da izango, hiru hilabetez; seiz, pertsonaren baten zaintzaz arduratzen bada behargin hori.
Hori gutxi ez, eta kaleratze kasuan jasotako ordaina aldatuko du: jada ez dira oporren ordainak horren barruan joango, ezta bestelako aparteko ordainketak ere. Eta, neurri hori indartzeko, beste hau ere badago: Gizarte Segurantzako funtsen %3 bideratuko dute kaleratzeengatiko ordainketen funts batera.