Larunbatean 20.000 pertsona bildu dira Val di Susan AHTaren eraikuntzaren aurka. Eguerdian hasi dira mobilizazioak, No Tav (AHT Ez) plataformak deituta. Bailara hartu du manifestazioak; obra eremuetan sartu eta errepideak moztu dituzte. Istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean.
"Hemen geunden, hemen gaude eta hemen egongo gara. Orain eta beti AHT Ez". Hala dio larunbateko manifestazioa irekitzen duen pankartak. 20.000 pertsonek bat egin dute No Tav (AHT Ez) plataformak deituriko manifestazioarekin eta Val Di Susako (Italia) bideak hartu dituzte abiadura handiko trenaren eraikuntzaren aurka. Istiluak izan dira manifestarien eta Italiako Poliziaren artean.
Piamonte eskualdean ari dira eraikitzen trena, Italiako ipar-mendebaldean. Trenak Turin eta Lyon batuko ditu eta Susa bailaratik igaroko da. Hain justu, milaka pertsona bertan bildu dira larunbat eguerdian trenaren aurka mobilizatzeko eta eraikuntza eteteko. Plataforma ekologistak hamar urte baino gehiago daramatza mobilizatzen trenaren eraikuntzaren aurka eta bailararen defentsan. Salatzen du proiektuak kostu ekonomiko handia duela, baliabide publikoak erabiliko dituela eta ekosisteman kalte larriak eragingo dituela.
Larunbateko mobilizazioa jendetsua izan da. Manifestariak obra eremutan sartu dira eta A32 autobidea eta tren geltokia moztu dituzte. Istiluak izan dira manifestarien eta Italiako Poliziaren artean. Manifestariek poliziaren bi furgoneta erre dituzte eta, plataformaren arabera, Poliziak gas negar-eragilea erabili du eta hainbat pertsona identifikatu ditu. Gaineratu du aurretiko egunetan kontrol guneak eta identifikazio masiboak egin zituztela, "indar berritua erakusteko", Poliziaren eskuetan hildako pertsonari erreferentzia eginez. Bestalde, polizien sindikatuak jakinarazi du 60 agente zauritu direla istiluetan.
Plataformak adierazi du larunbatekoa "garaipen garrantzitsua" dela: "Kontzientzia ekologikoa indarrean dago, lurraldea defendatzen jarraituko dugu estatuaren errepresioaren eta obra suntsitzaile erraldoien aurrean".