Duela zenbait hilabete jaso genituen zorigaiztoko zitazioek amorruz eta, era berean, kezkaz bete gintuzten: palestinar herria jasaten ari den genozidioa salatu eta Israelen boikota eskatzeagatik isunduak izan gara eta, zenbait kasutan, espetxeratuak izateko arrisku bizian jarri gaitu.
Aldiz, martxoaren 21ean Durangon egindako elkartasun jaialdian bizitakoa itzela izan zen.
Egunean bertan Landako lepo bete zen elkartasun deiadarrari helduz. 4.000 pertsona baino gehiago hurbildu zineten zuen alea jartzeko asmoz eta bertan ozen entzun ahal izan zen palestinar herria ez dagoela bakarrik. Era berean, errepresioaren atzaparretan erori garenoi, argi gelditu zaigu bide judizial malkartsuari eta jasandako ondorioei aurre egiteko elkartasun uholde bat dugula aldamenean. Hori horrela dela konturatzeko, Landakon bista altxatzea besterik ez zegoen. Eta horrek, indarberritzeaz aparte, kemenez eta batez ere, harrotasunez bete gintuen! Horrexegatik, mila esker hurbildu zineten guzti guztiei!
Herri zahar honetan, aldiz, ezaguna da holako jaialdi batek duen lan eskerga. Jakin badakigu oztopo zein arazoak ez direla gutxi antolatzeko orduan. Planek egunero eskatuko zutela birmoldaketaren bat. Gaueko ordu txikietako loa askotan galdua izango zenutela antolakuntzako detaile txikienak ere ihes egin ez zezan… Hala eta guztiz ere, lortu zenutena ikaragarria izan zen. Zuentzat, Palestinarekin Elkartasuna plataforma, gure begirunerik estimatuena jaialdiaren eta elkartasun kanpaina orokorraren bultzatzaile izateagatik!
Eskumuturreko moreak ere han-hemenka nonahi ikusten ziren egunean zehar. Nola azaldu txandaren esperoan zeudenen artean agerian zen gogo hori? Bizipoz hori? Determinazio hori? Zer izango litzateke holako jaialdi bat antolatzea lanera batu zineten ehunka bolondres gabe? Ziur
erantzun berbera darabilkigula guztiok buruan.
Zuentzat ere eskertza: eskerrik asko zuekin batera lan egiterakoan sorturiko konplizitatez
beteriko begiradatxoengatik. Ezin aipa gabe utzi Oihu bat Palestinara jaialdia posible bilakatu zenutenoi: artista, musikari, teknikari, dantzari, bakarrizketari, bertsolari... zuek gabe bai ezin izango zela horrelakorik burura eraman!
Zuei bereziki gure eskertza bereziena eta erabateko miresmena, egunean zehar gure emozioek eragindako malko tantek bustitzen zituzten irribarre goxoen erantzule zuzenak izateagatik! Berriz ere agerian geratu da elkartasunak ez duela mugarik. Zoritxarrez isun eta balizko zigor ekonomikoei aurre egiteko elkartasun diru bilketak aurrera jarraitu beharra dauka. Horra luzatzen dizuegun eskaera, errepresioaren aurrean antolatzea palestinar herriarekiko elkartasuna eten ez dadin. Abestiak dioen moduan ekin ta bultza denok batera!!
Gora Palestina askatuta!
Julio Villanueva, Mikel Oroz Torrea eta Agustín Guerra Jubitero, Palestinarekin elkartasuna adierazteagatik errepresaliatuen izenean
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.