Zisjordanian egindako “gehiegikeria larriengatik” Europako zigorrak dituen erakunde batek “Milen Martxa” deitu du, eta Netanyahuren Gobernuko ministroek parte hartu dute bertan. Israelgo Armadak martxa debekatu arren, lau kontrol militar gainditu dituzte.
Kolonizazioaren aldeko milaka aktibista israeldar, 10.000 deitzaileen arabera, Gazara abiatu dira igandean, Palestinako inguru hori kolonizatzeko asmoz. 21 urteren ondoren, etxera bueltan lelopean antolatu dute “Milen Martxa” deituriko mobilizazioa. Izan ere, 2005ean Israelek Gazako 21 kokaleku israeldar eta Zisjordaniako lau kokaleku desegin zituen, eta ordutik ez da israeldar zibilik bizi izan bertan.
Nachala mugimenduak antolatu du, Zisjordaniako palestinarren aurkako “gehiegikeria larriengatik” Europako zigorrak jaso dituen talde batek. Erakundeko buru den Daniela Wiss ere Europar Batasunak, Kanadak eta Erresuma Batuak zigortu dute, Gazako palestinarrak suntsitzearen alde egindako adierazpenengatik.
Martxa hasi baino minutu batzuk lehenago Israelgo armadak baimena bertan behera utzi zuen, baina dagoeneko lau kontrol militar gainditu dituzte, ia erresistentziarik gabe. The Times of Israel hedabideak adierazi duenez, aktibistetako batzuk Gazako mugako hesiraino ailegatu dira.
Aipatu egunkariak, halaber, jakitera eman du Netanyahu lehen ministroaren gobernuko hainbat ordezkarik parte hartu dutela; hala nola, Finantza ministro Bezalel Smotrich ultraeskuindarrak, eta Likud alderdiko Ekonomia ministro Nir Barkatik. Nachalaren arabera, 28 ministro eta gobernu-koalizioko kidek bat egin dute deialdiarekin.
Martxaren sustatzaileek adierazi dutenez, mobilizazioa Defentsa ministro Israel Katzek egin berri duen iragarpenaren ondorioa da. Enklabean hiru base militar eraikitzeari buruzko adierazpenak egin ditu, baina ministerioak berak zehaztu du horrek ez duela erran nahi kolonia zibilak sortuko direnik.
Israelgo Komunikazio ministro Shlomo Karhik "gure arbasoei emandako lur guztietan sustraitzea" eskatu du, "baita Gazako eskualdean ere". Gaur egun, Israelgo Indar Armatuek Gazaren %70 beregain hartu dute. 2023ko urriaren 7ko erasoaren harira, palestinarren aurkako genozidioa gogortzea erabaki zuenetik Israelek 73.200 palestinar baino gehiago hil ditu; 1.144 2025eko urrian teorikoki hasi zen su-etenetik.