Duela 50 urte polizia espainarrak bost langile hil zituela gogoratu eta haien “lekukoa” hartuko dutela aldarrikatzeko, milaka ikasle bildu dira astearte goizeko bi manifestazioetan, Ikama antolakundeak eta Gasteizko IASak deituta. Zaramagan, berriz, lore-eskaintzak etengabe izan dira langileen omenezko monolitoan.
Milaka ikasle bildu dira martxoaren 3ko goiz honetan Gasteizko kaleetan, Ikamak deituta, Ikasleok lehen lerroan lemapean, duela 50 urte Espainiako Poliziak egindako langile sarraskia salatu eta “memoria eta borroka” aldarrikatzeko. Goizean goizetik Arabako Campuseko fakultateak hartu dituzte, greba eguna deituta baitzuen Ikamak.
Manifestazio nagusia 12:00etan irten da Elurretatik, hainbat mila lagun bildu ditu, eta bidean zehar “gora ikasleon borroka” edo “herriak ez du barkatuko” moduko oihuak etengabe errepikatu dituzte bertaratuek. Momentu berezienetakoa San Antonio kalean gertatu da, Andra Mari Zuriko plazatik gertu: bost lagun, denak neskak, poliziek hildako Pedro Maria Martinez Ocio, Bienvenido Pereda, Romualdo Barroso, Francisco Aznar eta Jose Castilloren argazki handiekin eten dute martxa. Loreak lurrean utzi eta errespetuzko erabateko isilune inprobisatua sortu da orduan; ondoren oihuka segi dute manifestariek Katedral Berriraino.
Amaierako ekitaldian Ikamako ordezkariek esan dute hildako bost langileen “lekukoa” hartu eta euren borroka “belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku transmititzen” jarraituko dutela. Azpimarratu dute ezin dela gertakari hura “edukiz hustu”, eta garai hartan bizi izandakoak “inoiz baino gaurkotasun gehiago” duela oroitarazi dute; hala, martxoaren 17an gutxieneko soldata eskatzeko antolaturiko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du Ikamak.
Gasteizko Ikasle Antolakunde Sozialistak, bere aldetik, beste manifestazio bat egin du goizean, Andra Maria Zuritik abiatuta, eta han ere jendetza bildu da. Ertzainek babesturik zegoen Gobernuko Ordezkaritzaren ondotik igarotzerakoan, “polizia hiltzailea” oihuak indar handiagoz entzun dira. Momentu horretan pankarta handi bat eskegi dute pareko eraikinetik. Amaierako hitzaldian, “bideorri iraultzailea eraikitzea” gazteei dagokiela aldarrikatu dute eta EAJren azken asteetako jarrera ere salatu dute, “ikasle mugimenduaren aurkako kriminalizazio kanpaina” hasi duelako, euren esanetan.
Lore eskaintzak eta ekitaldiak
Goizeko ikasle manifestazioak, arratsaldean egingo den mobilizazio handiaren atariko izan dira. Horrez gain, urtero bezala, Zaramaga auzoan dagoen monolitoan lore-eskaintzak egin dituzte alderdi eta instituzioetako ordezkariek. Imanol Pradales EAEko lehendakaria oso goiz agertu da, Eusko Jaurlaritzako sailburuez lagunduta. LABeko ehunka ordezkarik, berriz, manifestazioa egin dute Europa Jauregitik Zaramagaraino, eta San Frantzisko Elizako atarian dagoen Jaiotzen Erakusketaren goiburua estali dute pankarta erraldoi batekin, M17ko grebara deitzen.
Eguerdian, berriz, EH Bilduren txanda izan da. Aurretik Sinn Feineko kideekin batera ekitaldi politikoa egin du, eta ondoren hurbildu dira monolitora, 1976an errepresioa jasandako dozenaka lagun eta senidek lagunduta, bakoitzak eskuan lore bana zuela. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Derryko alkate Sandra Duffyrekin jarri du azken lora-sorta. Agurra dantzatu eta Internazionala abestuta, arratsaldearen zain geratu da Gasteiz.