Iruñean ez da batere egun normala izan, hori da lehenik eta behin azpimarratu behar dena greba orokor egun honetatik. Greba orokorrik ez da izan Nafarroa osoan, baina sindikatu deitzaileek mobilizazio ahalmen handia erakutsi dute berriz ere. Oro har, eguna lasai joan da Iruñerrian.
Kronikalari hau ez da Iruñerriko poligonoetara iritsi goizean, baina haietako batzuetan atzera aurrera ibili den konfiantzazko kazetariak aitortu dio egoera nahiko normala zela. Antolatzaileen esanetan, Nafarroako iparraldean, Sakanan eta Leitzan lanuztea orokorra izan da, Iruñerrian eragina esanguratsua izan dela zehaztu dute, eta Erriberan txikiagoa. Lizarran eta Tafallan ere esanguratsua izan da. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, egoera oso bestelakoa izan da, administrazioan eta osasun publikoan greba %8koa baino txikiagoa izan da.
Iruñeko Alde Zaharreko piketearen lehen bilkura Kondestableko Palazioan hasi da 10:00ak aldera, Iruñeko Udalari aspaldiko aldarrikapena bete dezan eskatzeko: oraindik ere Iruñean erroldatu gabe dituen pertsonak erroldatzea. LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.500 eurokoa izatea da greba orokorraren aldarrikapen nagusia, baina erroldaren hori bezala egon dira presente beste aldarrikapen asko ere, bereziki gerraren eta NATOren aurkakoak, edo Palestina, Venezuela eta Kubaren aldekoak.
Matalazeko gazteek eta sindikatuetako herritarrez osatutako 60 bat laguneko pikete bat atzera aurrera ibili da Alde Zaharreko kaleetan eta Zabalgunean barrena. Haiek pasatu ahala dendak ixten zituzten... eta askok gero ireki. Tentsio une gutxi egon dira, horietako bat Starbucks kafetegian, piketeko gazte batek ke pote bat bota du barruan eta barruko bezeroak estu eta larri atera dira korrika ke artean.
Goizeko puntu esanguratsuetako bat El Corte Inglés saltokia izan da. Klasiko bat da piketeak hara joatea eta tentsio uneak sortzea Poliziarekin. Gaur ez zegoen Poliziarik han. Egia esan, deigarria izan da goizean zehar Iruñeko erdigunean ez dela polizia askorik ikusi. Piketeak El Corte Inglés inguratu du eta orduan iritsi da Espainiako Polizia, lau sarrerak babestu ditu eta kito, bezeroek jarraitu dute sartu-irten. Une batean tentsio une txiki bat izan da ate bat zaintzen zuten lau poliziekin, baina berehala baretu da.
Manifestazio alternatiboa
EHKS, CGT, CNT, Solidari sindikatua eta hainbat eragile sozialek aparteko manifestazioa egin dute goizean Iruñean. 11:30ean bildu dira Errekoleten plazan, Alde Zahar osoa gurutzatu dute eta Vinculo plazan bukatu. “Zenbat egon dira manifestazioan?”, galdetu dit kazetari batek. Ez nekiela erantzun diot, baina gero Vínculo plazan bildutakoa ikusita pentsatu dut izan zitezkeela 1000-1.500 artean. Tira, beti dira kalkulu gaitzak, baina edozein kasutan manifestazioa jendetsua izan da. Condiciones de vida y de trabajo dignas (Lan eta bizi-baldintza duinen alde). Kapitalismoari aurre egin zioen pankartaren goiburupean eta, besteak beste, kapitalismoaren aurkako eta langile klasearen aldeko aldarriekin egin dute ibilbidea.
Milaka lagun manifestazio nagusian
12:30ean abiatu da greba orokorraren deitzaileen –ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde– mobilizazio nagusia Gazteluko plazatik: Gutxieneko soldatak hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para reparti la riqueza (Lan sariak hobetu aberastasuna banatzeko), mintzo zen pankarta. Milaka pertsona manifestazioa noiz hasiko zain ziren, eguzkiaren izpi goxoek lagunduta, eta Carlos III.a etorbidean barna egin du buruak, herritar suge luzea atzean zuela. Merindade plazatik eskuinera jo du Nafarroa Beherea etorbidean, Bakearen plazan eskuinera eta Lizarra kaletik barrena Gazteluko plazara berriz. Ordu biak aldera amaitu da manifestazioa eta 1:50ean oraindik jendea sartzen ari zen plazara.
Ohikoa gertatu da, San Ignazio etorbidetik datorren jendea Gazteluko plazako sarreran pilatu da eta horrek plazarako sarbidea buxatu du, oraindik iristen ari zirenen sarrera eragotzita. Mobilizazioari begira, eguerdiko manifestazioarena da eguneko une deigarriena, bereziki argazkietarako. Kioskoan ginen kazetari eta argazkilari batzuen arteko komentarioa izan da antolatzaileek sarrera hori pixka bat bideratu beharko luketela plaza modu orekatuago batean betetzeko. Eta bai, halako antolaketa maila handia erakutsi ondoren, iruzkinok ez ziren txantxetakoak, behintzat ahalik eta argazki onena bilatze aldera. Edozein modutan, milaka pertsona ziren plazan –antolatzaileek 10.000 inguru esan dute– eta argazkilariek topatu dute jendetza hori jasotzeko modua.
Greba deitu duten sindikatuetako ordezkariek hartu dute parte amaierako hitzaldietan: Ane Apezetxea (Steilas), Gotzone Sestorain (Etxalde), Imanol Karrera (LAB) eta Imanol Pascual (ELA). Denek azpimarratu dituzte deialdiaren mezu nagusiak, eta bereziki “hau aberastasunaren birbanaketa justuagoaren aldeko greba” dela. “Non dira CCOO eta UGT, ez zaie ikusten”, izan da manifestazioaren lelo nagusietakoa, eta kioskotik ere gogorarazi dute bi sindikatuek eta patronalak ezetza eman diotela Nafarroak bertako gutxieneko soldata izateari. Salatu dute, halaber, PSNk eta Contigo-Zurekinek proposamenari ateak itxi dizkiotela Nafarroako Legebiltzarrean, PPrekin eta Voxekin batera.
Grebaren balorea goraipatu dute, eta “soilik borrokatzen duenak irabaz dezakeela”, zehaztu du Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak. Gaur egungo gutxieneko soldatarekin ezin dela duintasunez bizi Nafarroan, eta hortik ulertu behar dela bertan erabakitzearen garrantzia, 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko. Azken finean, fokua jarri dute gizarte honetan pobrezia eta prekarietate egoeran bizi diren sektoreetan, eta segurtatu dute “gudu hau irabaz” daitekeela. Hurrengo urratsa Madrilen emango dute, martxoaren amaieran, han saiatuko baitira grebaren aldarrikapen nagusia irabazten: erkidego bakoitzak bere gutxieneko soldata finkatzeko gaitasuna izatea, eta gutxienez 1.500 eurokoa izatea.
Goizaren laburpena azken greba orokorren antzerakoa izan daiteke: aldez aurretik ezaguna da ez dela greba orokorrik izango Nafarroa osoan, baina mobilizaziorako gaitasun handia erakusten da. 2008ko krisiaren garaietan egon ziren greba orokorrak, baina orduan sindikatu guztiek deituta. Alabaina, 2020an eskubide sozialen alde deitutako greba edo greba feministetan ikusi izan den moduan, sindikatu deitzaileek gizartearen zati esanguratsu bat mobilizatzeko gaitasuna erakusten dute.
Arratsalderako deiak
Goizean hiriburuan biltzen da herrialdeko protesta nagusia, baina arratsalderako ere badira hainbat deialdi Nafarroan. Donezteben manifestazioa egingo da 17:30ean, eta 18:00etan bilkurak egongo dira Tuteran, Altsasun, Leitzan, Zangozan, Garesen, Zizurren, Barañainen, Berriozarren, Antsoainen, Atarrabian eta, besteak beste, Burlatan. 18:00etan Lizarran eta Tafallan. Agoizen 19:00etan izango da manifestazioa.
Manex Morenoren argazkiak