Milaka herritar bilduko dira Iruñean “euskaltzaletasuna elikatzeko” martxan

  • Ekainaren 13arekin, Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak. 2025eko hondarrean "Pizkunde berri baterako" deia egin zuen, euskara larrialdian dagoela azpimarratuta. 17:00etan ofizialtasuna, hizkuntza politikak eta euskaltzaletasuna ordezkatzen dituzten hiru jende-zutabek abiatuko dute martxa eta Gazteluko plazan elkartuko dira 18:00ak inguruan.

Argazkian Euskaltzaleen Martxarako hiru zutabeetako pankartak aurkeztu zituzten eguna. Euskalgintzaren Kontseilua.

2026ko ekainaren 12an - 11:28
Azken eguneraketa: 17:48
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zutabeetako bat Runako parketik abiatuko da. Ofizialtasun osoa du leloa eta Euskal Herrirako ofizialtasun osoa eskatuko du, bai EAErako, bai Nafarroarako baita Ipar Euskal Herrirako ere. Patxi Huarte Zaldieroak egindako pankarta eramango dute Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek. Abian jarri aurretik pregoia irakurriko dute eta txupinazoa bota.

Bigarren zutabea Antoniutti parketik hasiko da Jauzia hizkuntza politiketan lemapean. Asisko Urmenetak egin du pankarta. Pregoilariak Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideak izango dira. Erakundeak interpelatu nahi ditu Kontseiluak, ‘jauzia’ terminoaz birjabetu eta sinergiarako dei egin.

Hirugarren zutabea, Askatasun Enparantzatik abiatuko da Euskaltzaletasuna leloaren pean. Leloaren bidez, euskarak aurrera egiteko herritarrak aktibatzea “ezinbestekoa” dela aldarrikatu nahi dute. Malen Amenabarrek diseinatu du pankarta eta pregoilari lanak euskarazko eduki sortzaileek egingo dituzte.

Antolatzaileek hiru irizpide zehaztu dituzte 17:00etan abiatuko diren zutabeak jendez orekatuak izan daitezen. Eskatu dute Iruñean daudenak Runako parkean elkartzea, kotxez joandakoak Antoniuttin eta autobusez joandakoak Askatasun Enparantzan.

Hiru zutabeetako euskaltzaleak Gazteluko Plazan elkartzen direnean, 18:00ak aldera, ekitaldi nagusia egingo da. Aldarrikapenak toki esanguratsua izango badu ere, jai giroa ez da faltako eta Kontseiluak iragarri du egunari bukaera emango zaiola dantza jendetsua eginez.

Jai giroa arratsaldean, baina baita goizean ere. Iruñeko kaleak goizetik euskaltzalez beteta egotea espero dute antolatzaileek. 11:00etan haurrentzako eta gurasoentzako ekintzak egongo dira Santa Ana plazan. 12:00etan euskaltzaleen kantujira egingo da eta 13:30ean ekainaren 11n Urepeletik abiatu ziren gazte euskaltzaleen martxari harrera egingo zaio. Informazio osatuagoa Kontseiluaren webgunean dago.

Pizkunde berri baterako deia

Euskalgintzaren Kontseiluak 2024ko azaroan euskara eta euskal komunitatea larrialdi linguistikoan zeudela adierazi zuen. Euskararen biziberritzea geldotzen ari dela erakusten duten inkestak eta ikerketa soziolinguistikoak jarri ditu mahai gainean. Egoerak eskatuta, larrialdiaren aurrean, pizkunde berri baterako deia egin du Kontseiluak eta 2025eko abenduaren 28an Bilbon milaka euskaltzalek bat egin zuten dei horrekin. Kontseiluak pizkundearen bidean bi alor jorratzea proposatu du: hizkuntza politiketan jauzia ematea eta euskaltzaletasuna indartzea. Ekainaren 13rako Euskaltzaleon Martxa deitu du “herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa delako euskaltzaletasuna elikatzeko, eta horrenbestez, euskararen normalizazioan aurrera egiteko”.

Maiatza bukaeran Pizkunderako Erronka 2036 aurkeztu du, datozen hamar urteetarako erronken txostena. Besteak beste, orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztuta, urtero 30.000 hiztun irabazi eta erabileran %20ko langa gainditzea jarri ditu helburu.


 


Irakurri gehiago: Kontseilua Euskara Euskalgintza
Kontseilua kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
“Euskararena auzi politikoa da, norbanakoen ahaleginarekin nekez erantzungo diogu”

2026ko martxoaren 11
Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua)
"Susmoa baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...