Otsailaren 15ean Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu zenuten Kursaalen. Zein izan zen aurkezpenaren edukia?
Zuk diozun moduan, Kursaalen egin genuen ariketa sarea aurkeztea eta amankomunean jartzea izan zen. Horretarako Euskal Herrian hamarkadatan eman den torturaren gaiaren kokapen bat egin eta sarearen sorreraren nondik norakoak zehaztu genituen.
Eragile politiko aktibo gisa eratu nahi duzue torturatuen kolektiboa. Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?
Gure helburua torturatuontzat orain arte itxita egon diren aitortza eta erreparaziorako bideak zabaltzen laguntzea da. Horretarako lau ardatz nagusi landuko ditugu:
Lehenik eta behin, saretzea, Euskal Herrian ahalik eta torturatu gehienekin egotea, inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin.
Bigarrenik, errelatoan eragitea. Milaka gara tortura sufritu dugunak eta hamarkadatan isilaraziak egon gara, estatuek eragindako bortizkeriaren biktimak gara.
Hirugarrenik, aitortzaren bidea urratzea, ateak irekitzen joatea. Gure ustez, hemen gertatu den guztia argitara ateratzea eta aitortzea da erreparaziorako bideak irekitzeko eta berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena.
Azkenik, eta guretzat ezinbestekoa dena, zaintza erdigunean jartzea. Lagun torturatuok sufrimendu ugari dugu oraindik ere barruan, eta elkar zaintzaren bitartez sufrimendu hori aitortzaren bidean erregai bihurtu nahi dugu.
Zein izan da erakunde publikoen erantzuna? Egitasmoren bat abiatuko duzue arlo horretan?
Erakunde publikoei dagokienez, eta tortura estatuek hamarkadatan estali dutela ahaztu barik, gaia lantzeko baldintza berriak sortu direla eta bide hori ere jorratu beharra ikusten dugu.
Alde batetik, kriminologia institutuko (Paco Etxebarria etab.) informeak daude 5.000 torturatutik gora egon direla baieztatuz. Bestetik, EAEn eta Nafarroa Garaian estatuak eragindako biktimen aitortzarako legeak martxan jarri dira.
Jadanik aitortza batzuk eman diren arren, gabeziak handiak dira (EAEn batez ere) bai baliabide eta bai epeen aldetik, eta hori konpontzera bideratzen dugu gure eskaera gaur gaurkoz.
Zein urrats egingo dituzue zuen helburuak betetzeko?
Hurrengo hilabeteetan gure lehentasuna saretzea izango da, torturatu ahalik eta gehienekin egotea, zaintza erdigunean jarrita beti ere. Horretarako karpetak banatuko ditugu, modu pertsonalean, Euskal Herriko torturatu orori, bete ditzaten, sarearen osatzea eta parte hartzea bermatzeko.
Ehunka lagun batu zineten ekitaldian. Nolako sentzazioa izan zenuten?
Benetan ikaragarria izaten ari da jendearen erantzuna, parte hartzea… Kontutan hartu behar da 900 lagun inguru bildu ginela, baina milaka garela, eta ekimen bakoitzaren ostean jendearen beharra, eskertza eta aurrera egiteko gogoa heltzen zaigu.
Horrek guregan, noski, ardura handia sortzen du eta ardura hori presente dugu beti.
Eskualdeko zenbat kidek parte hartu zenuten bertan eta zein harrera izan du egitasmoak? Izan ere, iaz hasi zineten sarea ehuntzen eta Aiaraldean egin duzue bileraren bat edo beste.
Bai, Aiaraldean egin genuen lehenengo aurkezpen bat azaroan zeinetan 30 pertsonak parte hartu genuen. Kursaalera 20 pertsona inguru hurbildu ginen, eta guztira orain arte eskualdeko 40 pertsona gutxi gorabehera hurbildu dira sarera. Oraingoz pozik gaude eta bileretan oso sentzazio onak izan ditugu orokorrean.
Nola landuko duzue sarea Aiaraldean, bileratik harago, gai traumatikoa dela aintzat hartuta? Tokiko egitasmoren bat abiatu duzue?
Lehen komentatu bezala, hurrengo hilabetetan sarearen eraketa landuko dugu gehienbat, karpeten banaketaren bidez, batez ere.
Honetarako taldetxo bat sortu dugu eskualdeko hainbat herrietako jendez osatua eta gure lana modo pertsonalizatuan eramango dugu aurrera, kontaktuen bidez eta jendearen erritmoak errespetatuz, gaiak eskatzen duen ardura eta diskrezioa errespetatuz. Kalean ez gaituzue asko ikusiko beraz, baina hor gaude eta egongo gara, Euskal Herriko torturatuon auzolan erraldoi honetan baturik.