Eguzkia lagun, eguerdian jende mordoa bildu da Iruñeko, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako karriketan, gehiengo sindikalaren deiari erantzuteko gehiengoa, eta beste batzuk EHKSk eta beste sindikatu batzuk egindako mobilizazioei segika. Deitzaileek “arrakastatsutzat” jo dute greba deialdia, batik bat hezkuntzan, administrazioan eta enpresa handi askotan produkzioa “erabat” eten delako. Arratsaldean, tokian toki egin dituzte protestak. Sindikatuek aurreratu dute martxoaren amaieran helduko direla Madrilera atzoko aldarrikapenak.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Zifra bat zuen goiburuan martxoaren 17ko Greba Orokorrak: 1.500 euroko gutxieneko soldata langile guztientzat. Horri lotuta, burujabetzari eta autogobernuari estuki lotutako aldarria: Hego Euskal Herrian erabaki dadila Langile arteko Gutxieneko Soldata (LGS), hau da, ez daitezela hemengo soldatak Espainiako Estatuan erabaki. Eta hala balitz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sor dezatela osagarri moduko bat, araudi bat, Espainiako LGSa kobratzen dutenak (1.221 euro hamalau pagatan) 1.500 eurora heldu ahal izateko. Hemen bizi, hemen erabaki izan da manifestazioetan sarri errepikatu den leloetako bat.
Iragan abenduan iragarri zuten deialdia ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek, eta proposamenari segi diote ehun elkartek, erakundek eta eragile politikok baino gehiagok. Lantokietan ere babes zabala jaso du: 1.757 enpresa batzorde eta langile ordezkaritza organo baino gehiago izan dira Greba Orokorra babestu dutenak. Datuok eskuetan, aurreikuspenen balorazio baikorra egin zuten greba bezperan sindikatu deitzaileek: “Arrakastatsua eta indartsua izango da”.
Milaka langile bat eginda
Indar erakustaldi jendetsuak egin dituzte eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gehiena Bilbon: 45.000 lagun mobilizatu direla kalkulatu dute. ELAk esan duenez, guztira 105.000 pertsona irten dira kalera deialdiei erantzunez.
LGSa Euskal Herrian erabakitzeari eta 1.500 euroko zifra markatzeari zuzenki lotuta, ondasunak modu justuagoan banatzeko aldarrikapen argia egin dute manifestariek. Esaterako, Gasteizen, STEILAS sindikatuko Aintzane Gil bozeramaileak azpimarratu du azken urteotan gora eta gora egin duela etxebizitzaren prezioak, elikagaienak, energiarenak... eta enpresarien etekinak ere bai. Horrek guztiak "langileen arteko arrakalak" areagotzen dituela seinalatu du, eta horregatik, "justizia sozialaren premia" jarri du jomugan. Ildo beretik jo du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari orokorrak ere, Bilbon: enpresek azken urteetan irabaziak bikoiztu badituzte ere, soldatek "apenas" egin dutela gora. Eta LABeko Igor Arroyok: "Gutxi batzuen etekinak baino, herritar guztien bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozial eta ekonomikoa eraiki beharra dago". Aldarri bertsua entzun da baita Iruñeko Gaztelu Plazako kioskotik ere: "Greba hau aberastasunaren birbanaketa justuaren aldeko greba da".
Deialdiaren deiadarrak bazuen alderdi politiko abertzaleenganako erakarpen bat: autogobernua. LGSa Euskal Herrian erabaki ahal izateak esan nahi du autogobernua indartzea, burujabetzan sakontzea, eta hori, a priori, EAJren eta EH Bilduren intereseko da. Subiranistek babestu dute greba deialdia, esaterako parlamentuko lanei uko egin diete eta greba egin dute, baina jeltzaleen arrastorik ez da izan.
Eusko Jaurlaritzak asteartetan egin ohi du ohiko gobernu bilera, eta normaltasunez garatu zen atzokoa. Are, prentsaren agerraldian lau sailburu agertu dira, inoiz baino gehiago, eta milioika eurotako proiektu iragarpenak egin dituzte Ekialde Hurbileko gerraren kalteei aurre egiteko. Kazetariek, baina, galdetu diete Greba Orokorraren inguruan, eta erdibideko jarrera azaldu du Jaurlaritzak: aldarrikapenak babesten dituzte, baina istiluak ez, ezta grebarako deialdia ere, haien aburuz "elkarrizketa soziala" delako bidea.
ELA sindikatuak gogor hartu ditu euskal alderdiak: dei egin die Madrilen ordezkaritza daukaten politikari abertzaleei Espainiako Gobernuarekin dituzten akordioetan "lehentasun" gisa aurkeztera gutxieneko soldataren afera. Horrez gain, ELAk iragarri du Madrilen gehiengoa osatu dezaketen Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdiekin bilera erronda abiatuko dutela, eztabaida kongresura eramateko. EH Bildu, ERC eta BNG prest agertu dira gaiari heltzeko.
"Elkarrizketa sozialaren" aldekoak dira, itxuraz, CCOO eta UGT sindikatuak. Horregatik ez dute bat egin Greba Orokorrarekin. Baina ez soilik horregatik: patronalak bezalatsu, ez dute nahi LGSa Euskal Herrian erabakitzerik.
Sindikatu deitzaileek gorriak esan dizkiete. Adibidez, Iruñean: "Non dira CCOO eta UGT? Ez zaie ikusten". Edota Gasteizen: "Horrenbeste elkarrizketa sozialarekin, ahaztu egiten zaizue gizarte konfrontazioa". Donostian, zera: "LGSa hemen erabakitzea insolidarioa dela diote; insolidarioa da, ordea, hemen Espainiako Estatuko miseria baldintzak inposatzea, eta horri aurre egiteko burujabetza behar dugu, tresnak behar ditugu Euskal Herri justuago bat eraikitzeko".
Azpimarratzekoa izan da Donostiako manifestazioan Malen Etxeko [Donostiako emakume migratzaileen elkartea da] ordezkari Rosi Castillok mikrofonoz esan duena: "Zorionak guztioi, lortu dugu! Milaka pertsona atera gara 1.500 euroko LGSa eta gure lan baldintzak hemen erabakitzearen alde; denoi eragiten digun aldarrikapena da, baina ez digu denoi berdin eragiten". Zorionak eman dizkie lantokiak ixtera bultzatu duten langileei, baina gogoan hartu ditu gelditu ezin izan diren lanak, bizitza sostengatzen dutenak eta historikoki emakumeen bizkar erortzen direnak; gaur egun, batez ere, migratu eta arrazializatuek pairatzen dituztela azpimarratu du.
"Etxeko eta zaintzako langile gisa, langile klasearen parte gisa, gogoratu nahi dugu ez garela ikusezinak, hemen gaudela eta nahikoa dela lan esplotazioarekin, gu ere eskubideak ditugun langileak gara", esan du Castillok. Izan ere, etxeko langileen bi herenek 1.500 euro azpiko soldatak dituzte, eta askok astean 60 ordutik gorako lanaldiak egiten dituzte.
Makinak geldirik
Piketeak egin dituzte goizean goizetik dozenaka industriagune eta enpresa inguruneetan. Esaterako, sarrera-irteerak blokatu dituzte Basauriko (Bizkaia) Mercabilbao salgune erraldoiaren atarian, irteerak galarazi dizkiete Iruñerriko Billabesetako autobusei haien egoitzan, eta errepidea moztu dute Arangureneko (Nafarroa) Mutiloako (Gipuzkoa) industriagunean, Gasteizko hainbat poligonotan, Lea-Artibai eskualdeko (Bizkaia) hainbat lekutan, Lizarrako (Nafarroa) Merkatondoan, Zumaiako (Gipuzkoa) Kortan eta Abanto Zierbenako El Campillo (Bizkaia) industriagunean. Han eta hemen: Oionen (Araba) enpresetarako errepidea moztu dute; Donostian biribilgunea blokatu dute 27. Poligonorako sarreran; Andoainen (Gipuzkoa) N-1 errepidea itxi dute bi norabidetan 07:00etatik 08:00etara, gauza bera Durangaldean N-634 errepidean; Hernanin (Gipuzkoa) tren zerbitzu eten dute erreiak oztopatzeagatik, Bilboko sarrera ugari ere moztu dituzte...
Ez dira geldirik egon, ezta ere, azken boladan lanpostu ugari galtzen ari diren Aiaraldean eskualdean, Araban. Urko Apaolaza kazetariak kontatu moduan, Araban astearteko grebak eragin handiena izan duen eskualdea izan da. Laudion eta Amurrion, besteak beste, enpresa hauek itxi dituzte: Maderas Llodio, Tubos Reunidos, Tubacex, Unausa, Amurrio Ferrocarril eta Envases Metalúrgicos. Pikete informatiboak egin dituzte goizean goizetik, baita barrikadak ere zenbait lekutan, eta Aiaraldea komunikabideak kontatu duenez tentsio uneak izan dira Ertzaintzarekin. Adibidez, Laudioko Eroski behartu dute ateak ixtera, eta ertzainek manifestari bati bi delitu egotzi dizkiote. Guztira, Hego Euskal Herri osoan, Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu, 165 manifestari identifikatu, eta lau zauritu eragin.
Supermerkatu ugaritan egin dira piketeak. Establezimenduak irekita zeudelako, dozenaka lagun manifestatu dira esaterako Tuteran, Altsasun eta Lizarran, eta Lazkaoko Mercadona, adibidez, ixtea lortu dute.
Enpleguak kolpaturiko Aiaraldea izan da Araban eragin handiena izan duen eskualdea
Gipuzkoako enpresetan jarraipena ia erabatekoa izan da, eta nabarmentzekoa milaka langile enplegatzen dituzten Irun eta Beasaingo CAFen lantokiak geldirik egon direla, baita Ampo, Irizar, Indar, KSB Itur, Guerra Hermanos, Fagor Elektroika, Ulma eta Arcelor ere, esaterako. Bizkaian ere enpresa handi askotan jo dute grebara: besteak beste, Nemak, Losal, Cementos Lemona, Cikautxo eta Gestamp. Eta Araban, berriz, arestian aipaturikoez gain, Cie Goian, AEG, Laminaciones Arregui, Arcelor eta Cie Gameco enpresetan ez dute lan egin.
Nafarroan, bestalde, lurraldearen ipar-ekialdea eta Iruñerria izan dira deialdiaren epizentroak: Torrasel, Funvera, Lesakako Arcelor Lantokia, Portland, Kysbe, Ingeteam eta beste hainbat enpresek ateak itxi dituzte. Erriberan, berriz, eragina hainbestekoa izan ez den arren, zenbait enpresa geldirik egon dira: Congelados Navarra, Huerta de Peralta, Uvesa, Florette eta Viñedos Ría, besteak beste.
Ikastetxeak minimotan
Deialdiaren jarraipena handia izan da Hezkuntzan ere bai. Pozik mintzatu dira ARGIArekin hitz egin duten ELA, LAB eta STEILAS sindikatuko eledunak. Datuak eman dituzte: EAE mailan, haurreskoletan %80tik gorako jarraipena izan da, zerbitzuetako langileen artean %65, irakasleen artean %60tik gora, eta EHUn jarduera akademiko “oso-oso murritza”. Nafarroan, berriz, enpresetan bezalaxe, batik bat Iruñerrian, Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan sumatu da grebaren eragina. Zenbait lekutan erabatekoa izan da, nagusiki haurreskoletan.
Aipagarria da, eta sindikatuek nabarmendu dute, sukalde eta garbiketako langile askok ere bat egin dutela greba deialdiarekin. LGStik gertuen dauden langileak dira sektore horretakoak, eta bistan da erantzun diotela deialdiari, batez ere sukaldetako langileek. Hainbat ikastetxe publikotan, irakasleen aldetik-eta zerbitzu minimoa eskaini bada ere, ez da sukalde zerbitzurik egon.
Aimar Loiti, Ikama ikasle mugimendua: "Etorkizun duina bermatzeko, gaurtik egin behar dugu borroka"
Ikama ikasle mugimenduak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak ere grebara deitu dituzte ikasleak, eta deialdiak jarraipen zabala izan duela adierazi diote ARGIAri. Haiek, bakoitzak bere aldetik, protestak egin dituzte unibertsitate campusetan: besteak beste, fakultateko ateak blokatu, horman eta lurrean mezuak idatzi, esku-orriak banatu eta arma enpresekin harremanak dituzten fakultateak seinalatu dituzte.
Beñat Astiz, IAS: "Langile klasearen eskubideen aldeko borroka da"
Zerbitzu publikoetan eragina
Garraio publikoan, linea asko eta askotan gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira izan; jaiegunetako zerbitzua baino ez da eskaini.
Administrazio publikoan ere agerikoa izan da eragina, makina bat udaletxetan "ia erabatekoa" izan baita grebarako atxikimendua. Nagusiki Gipuzkoan, hamarnaka izan baitira gutxieneko zerbitzuak eskaintzera mugatu direnak; ondotik Bizkaian; eta atzetik, Araban eta Nafarroan.
Osasungintzari lotuta, beste behin kexu agertu dira sindikatuak, gehiegizkoak izan direlako ezarritako gutxieneko zerbitzuak, eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela azaldu dute. Adibidez, Larrialdietan, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dekretatu dituzte beste behin. Eta horrez gain, sindikatuen esanetan, beste grebetatik hona, beste profesional askoren gutxienekoak ere igo egin dituzte.
Kexa plazaratu dute, baita ere, esku-hartze sozialen arloan: "Gizarte Ongizatean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak, kasu batzuetan, Gobernuak berak ezarritako arreta-ratioak baino handiagoak dira; etxez etxeko laguntzan, langileen %90ek grebarako eskubidea galdu du".
Gauza bertsua adinekoen egoitza eta eguneko zentroetan, baina "jarraipen zabala" izan dela nabarmendu dute sindikatuek. Izan ere, gutxienekoak gutxieneko, greba egiteko aukera zuten langileen %90ek baino gehiagok heldu dio grebari eskubideari, batik bat Gipuzkoan eta Bizkaian. Nafarroan, aldiz, gutxienekoak "gehiegizkoak" izan direla salatu dute.
Gipuzkoako zaharren egoitzak
Atzo bai, baina gaur ere bai greban segitzen dute Gipuzkoako zaharren egoitzetan. Martxoaren 18 hau, 129. eguna izango dute. Borrokan ari dira, borrokan lortu izan baitituzte hobekuntzak. Baina akituta daude. "Laranjak bezala zukututa" sentitzen dira. Langile kopuruak gutxituta dabiltza lanean azken bost urteetan, eta nekez hobetzen zaizkie lan baldintzak.
Aitziber Aramberri da horietako langile bat. Atzoko egunaren harira, Onintza Irureta kazetariak harengana jo zuen.