argia.eus
INPRIMATU
Mikhail Gorbatxov hil da, Sobietar Batasuneko azken presidentea
  • Gerra Hotzaren amaiera eta Sobietar Batasunaren desegitea gorpuztu zituen Gorbatxovek. 91 urterekin zendu da, gaixoaldi luze baten ostean.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 31
Gorbatxov 2010ean. Argazkia: Veni Markovski

1985ean SESBeko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko Idazkari Nagusi izendatu zuten Mikhail Gorbatxov, eta sei urtez egon zen Sobietar Batasuneko kargu gorenetan. SESBeko lehen eta azken presidentea izan zen, 1990eko martxotik 1991ko abenduaren 25era. Kargua utzi eta biharamunean desegin zen Sobietar Batasuna, urte luzetako prozesuaren ondorioz.

Perestroika eta glasnost kontzeptuek ardaztu zuten Gorbatxoven garaia. Sobietar Batasuna ekonomikoki eta politikoki berregituratzea eta “zabaltzea” zen bere asmoa. Kanpo-politikari dagokionez, SESBek Ekialdeko Blokeko herrialdeen gainean zuen boterea laxatu zuen Gorbatxovek, erreforma politiko eta ekonomikoei ateak zabalduz.

Besteak beste, AEBetako presidente Ronald Reaganekin hainbat goi-bilera egin zituen Gorbatxovek, arma nuklearrak gutxitzeko eta Gerra Hotza baretzeko. Urte horietan erretiratu zen, baita ere, Sobietar Batasuna Afganistanetik. Bakearen Nobel Saria eman zioten Gorbatxovi 1990ean, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko harremanetan emandako aldaketa erradikaletan izandako lidergoa” zela-eta.

1990ean, halaber, SESBekiko independentzia deklaratu zuten Estonia, Letonia, Lituania eta Armeniak, eta Errusiak ere bere subiranotasuna jarri zuen mahai gainean, Sobietar legedia murriztuz eta hari aurre eginez, batez ere finantzei eta ekonomiari dagokionez.

1991rako Sobietar Batasuna krisi ekonomiko eta politiko larrian murgilduta zegoen. Batasun berri bat osatzekotan ziren herrialdea osatzen zuten errepublikak. Testuinguru horretan, Varsoviako ituna baztertzea eta SESBek eta dozena pasa herrialde gehiagok osatzen zuten Elkarren Laguntza Ekonomikorako kontseilua desegiteak areagotu zuen herrialde barruan Gorbatxovek zuen aurkaritza. 1991n estatu-kolpea ematen ahalegindu ziren SESBeko hainbat goi-kargu, baina porrot egin zuten. Porrot horren ondorioz desegin zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista, eta Sobietar Batasuna bera.

Geroztik, batzuentzat Sobietar Batasunaren gainbehera ekarri zuen gizona izan da Gorbatxov, batez ere Mendebaldean, eta beste batzuentzat, berriz, Sobietar Batasunaren zabaltzea eta “demokratizazioa” ekarri zuena. Azken urteetan agenda publikorik ez du izan Gorbatxovek, osasun arazoak zirela-eta. Errusiako TASS berri-agentziaren arabera 2020an ospitaleratu zuten, medikuen aginduz. Gaixoaldi luze baten ostean hil da, Moskun, 91 urterekin.