argia.eus
INPRIMATU
Mikel Urkixoren erantzunari erantzuna
  • Erabat libre zara Mikel, zure-zure iritzia azaltzeko, baina ez dut uste nirea arretaz irakurri duzunik zeren eta bertan aipatzen ditudan nire ustezko akatsak errepikatzen dituzu. Horretarako ere libre zara, noski. Lehenik eta behin, ni ez naiz artikulugile oro-jakintsu horietako bat. Era eta alde guztitako komunikazio ariketak aztertuz egia objektiboaren bila ahal dudan neurrian nire ekarpenak eskaintzea izan da, eta da, nire egikizun ohia eta oraingoa, norbaitek kasu egin, edo inori ardura izan ez.

Jose Antonio Villar 2020ko martxoaren 30

Bide horretatik hasi nintzen gai honi buruz ere, eta hara hemen Iruña Veleian ustez aurkitutako aztarnei buruz zalantzan zegoen egia horren bila egindako ibilbidearen adierazpen laburra hiru paragrafoetan:

  1. – Beste lagun batzuekin batera, auziaren alde biak aztertu nahi izan genituen.

2010-ean, iraileko egun berean, izan genuen alde bietako ordezkari nagusiekin adostutako bilera luzeak izateko aukera. Ez dut hemen inoren izenik aipatuko, baina eguneko ariketa guztiaren dokumentazio grafiko izugarria daukat eskura.

"Faltsutzea egin izanaren salatuarekin eta beste bere bi lagunekin izan genuen elkarte batean antolatutako bilera eta haien aldarrikapen bakarra: ez zirela inola ere errudun eta azterketa zientifiko fidagarri bat nahi zutela euren errugabetasun hori froga zedin"

– Lehenengo eta goizez, eremuaren zaindari eta zuzendari izendatutako arkeologoarenkin izan genuen ia ordu pare bateko bisita gidatua. Mila galdera egin genizkion, guztion diziplinetatik, eta guztiak faltsutasunaren aldeko bere argudioen bila. Bere erantzunak, baina, filologia teorietan, erlijioaren historian eta beste hainbat bitxikerietan oinarritu ziren. Norbaitek galdetu zionean bera arkeologoa izanik nola ez zen arkeologian soilik  finkatzen, urduri eta gorri-gorri jarri zen eta baretu ondoren esan zigun bera hemendik aurrera azterketa serioak egitera etorri zela beste ezertara baino eta hondeatzaile izugarri batez egiten ari zen indusketa (niretzat eta arkeologian aditu gehienen iritzian suntsiketa) ikustera eraman gintuen, eta ikusi genuena eta argazkiz jaso nuena negar egitekoa da.

– Arratsalde aldera, faltsutzea egin izanaren salatuarekin eta beste bere bi lagunekin izan genuen elkarte batean antolatutako bilera eta haien aldarrikapen bakarra: ez zirela inola ere errudun eta azterketa zientifiko fidagarri bat nahi zutela euren errugabetasun hori froga zedin.

  1. – Zuk aipatzen dituzun idatzi guztiak irakurri ditut, baita ere, eta beren esan-nahiekin jabetu naiz, ustez nahiko ondo, ez zait ohitura falta eta.
  1. – Diziplina bakoitzari dagokion eginkizunari buruz mintzatzeko gai naizela uste dut eta bereizteko ere, ez baitago inorena ustez sekretupean, behin baino gehiagotan bata bestearekiko inbasio nabarmenak izaten diren arren.

Horren arabera diotsut ez garela gai, ez zu, ez ni, ez hedabideak, ezta Vatikanoa, ezta ere epaile judizialak teorien egiazkotasuna edo gezurrezkotasua frogatzeko, ezta teoriagileen pedigria neurtzeko, eta gutxiago, balizko ebidentzia fisikoei buruz nola edo hala mintzatzeko, batez ere gainera, horrekin norbaiti edota zerbaiti kalte larria egiten bazaio.

Guzti hori aipatu ondoren diot, uste nuela eta uste dudala nire iritziaren aurreikuspen bat edukitzeko adina datu banituela, nahiz eta hala eta guztiz ere erabateko ziurtasuna ezin eduki dezakedan.

Dena den, zuk zure argumentu direla esanik aipatzen dituzun iritzi pertsonalak ezin naute, ezta ere, nireak aldatzera eraman, zure iritzi guzti horiek jakinak, argitaratuak, eztabaidatuak eta kontrakoekin parekatuak izan baitira jada, eta edonoren eskura baitaude idatzi guztien bildumak.

Baina iritzi guzti horiek, diot berriz ere, eta zureak, nireak eta beste edozeinenen guztiak, teoria/kontrateoria esparruan kokaturik daude oraindik eta horrela iraungo dute ebidentzien ondorioz axioma izatera helduko ez diren bitartean. Eta hori horrela da, gustatu ala ez.

"Konspirazioa ikustea leporatzen diezu, dirudienez, alde batekoei, baina jakin beharko zenuke  konspirazioa ez dela  berez gaiztoa edo zintzoa, bidezkoa edo bidez kanpokoa eta zentzu oneko edozeinentzat konspiratzaileak txalogarriak liratekeela gezurraren, maltzurkeriaren, injustiziaren, lapurretaren eta hainbat horrelakoen kontrako konspiratzaile balira"

Konspirazioa ikustea leporatzen diezu, dirudienez, alde batekoei, baina jakin beharko zenuke  konspirazioa ez dela  berez gaiztoa edo zintzoa, bidezkoa edo bidez kanpokoa eta zentzu oneko edozeinentzat konspiratzaileak txalogarriak liratekeela gezurraren, maltzurkeriaren, injustiziaren, lapurretaren eta hainbat horrelakoen kontrako konspiratzaile balira.

Zuk konspiraziorik ez ikustea normala delakoan nago, edonola ere, horrela balitz  zu zeu  arazoaren kanpo zaudelako, baina errugabe sentitzen den batek  alde guztietatik konspirazio gaiztoak ikusteko eta sentitzeko eskubide guztiak dituela uste dut hamaika urtez baztertua, langabetua, espetxe zigorraren eta isun izugarri baten mehatxupean egon eta gero. Hori ez diot nik behintzat ukatuko.

Bi galdera daude orain erabakitzeko, lehengoan aipatzen nuen moduan:

– Bata berehala erabaki beharrekoa da, besterik gabe: salatua errudun da, ala ez?

Eta hori baiezkora eramatea ezinbesteko dute salatzaileek froga argi eta garbiekin. Horrela izan ezaren ondoriozkoa, edo absoluzioa izan behar da eta bide batez kendu zaionaren bereganatzea, edo horretarako gaitasunik edota eskubiderik ez duen  norbait  behar ez duen eremuan sartzea izago litzake.

– Bigarrena: aurkitutako idatziak eta irudiak beren euskarrien denbora berekoak dira? Bai ala ez?  Horretarako, berriz, teoria bat edo beste ez dira baliozkoak eta guztientzat era fidagarrian datazio neurketak egin beharra dago, egin ahal direlako eta egin ahal dutenak badirelako. (“Era fidagarrian” esan dudanean zera adierazi nahi izan dut: guztiek onartutako laborategi batean eta behar bada auziari buruz ezer ez dakiten teknikariek egina).

Aipatu nuen Salomonen historia hori egiazkoa baldin bada eta gauzak argitzeko bere teknika  mirestuz ere, ezin da ziurtatu benetan demaren aurkari bietako baten amatasuna asmatu zuen ala ez, susmoak indartzeko soilik ez bada, orduan ez baitzegoen ADN neurketarik eta antzekorik ere.

Era berean, teoria soilak espekulazio dira froga enpirikoen gabezian.

Utz nazazu arazo honi buruzko nire ustezko azken ekarpena izan nahi duena honako galderaz eta gomendioaz bukatzen:

Nori kalte egingo lioke aipatu dudan azterketa fidagarri hori egiteak, guztiok borondate onez egia osoaren bila baldin bagabiltz?

Bultzatu dezagun ba, guztiok, behingoz lasaitasunean gera gaitezen.