Suro filmaren ostean, bigarrenez ari da Sail Ofizialean lehian Mikel Gurrea. Bartzelonan bizi da, eta osorik katalanez da filma. Elizako arte lapurretak ditu kontagai. Victoria Luengo aktore ezaguna da protagonista.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Bizileku duen auzoan, Bartzelonako Sants auzoan kokatu nahi zuen filma Mikel Gurrea zuzendari donostiarrak. “Auzo arrunta da Sants, itxuraz bai behintzat, jende asko bizi dena eta bizi handia duena”, adierazi du Gurreak. Tradizio anarkista duen auzoetako bat ere bada, baina aldi berean “Santuak” izena du, Sants, eta detaile hori deigarria egin izan zaio beti zuzendariari. Arakatzen hasi eta jakin zuen auzoko eliza batek ematen ziola izena. Eliza hori, baina, ateak zarratuta topatzen zuen beti. Eta horrek eman dio jokoa pelikularen istorioa garatzeko: “Eliza itxi bat, azken finean, altxorrez betetako kutxa gogor bat da”.
Ideia horrekin bueltaka zebilela, elizatan eta kutsu katolikoko espazioetan egindako arte lapurreten inguruko notiziak irakurtzen jarri zen Gurrea. Hamarkada ugaritan gertatu dira halako lapurretak, horretan ere Espainiako Estatuan “tradizio bat” egon badagoela esan du, eta zorionez, zuzendariaren esanetan, idatzita eta dokumentatuta daude lapur talde horien inguruko detaileak. Horiek hartu, intrigaz irakurri, eta fikzioa garatzen hasi zen.
Bartzelona hirian, auzo xume batean, familia txiki eta txiro batean kokatzen da Sants filma. Lali da protagonista (Victoria Luengo), eta oso gaixorik dagoen bere ama (Ariadna Gil), elizkoia bera. Lali alabak, ordea, ironiaz hartzen du fedea. Besteak beste, bekatu mordo bat dagoeneko eginda dituelako, bizirauteko lapurtu egiten duelako. Inorenak ez diren objektuak osten ditu normalean, baita kasu batzuetan aldi berean inorenak eta denenak diren gauzak ere, hala nola espazio publikoetako objektuak. Pelikulan, kapera bateko estatuatxo bat lapurtuko du, eta merkatu beltzean kolokatu nahiko duenean ezagutuko du lapur talde bat, santu gorputzek eta kristoek bereziki apasionatzen dietena. Bi tramak aldi berean garatuko dira: lapurretaren bidea eta amaren gaixotasuna.
Lapur taldeko burua Rosario da (Eulalia Ramon). Elizetako artelanak lapurtu eta Sants auzotik gertu dagoen Bartzelonako portuan ditu ezagun batzuk, handik gero, bazkide batzuen bitartez, nazioartean saltzeko. Lapurra da, jakina, baina badu eliza katolikoarekiko miresmena, handia gainera, aurrez esan bezala Lalik ez duena. Ironiaren eta idolatriaren balantza horretan datza istorioaren dantza. Zeren, artelanak osten dituzte, baina tentu handiz egiten dute beti, espazioarekiko “errespetuz” beti. Horixe zen Gurreak oso argi zuen detaileetako bat.