argia.eus
INPRIMATU
Mikel Barrios askatzeko eskatu dute Bake Bideak eta bakegileek
  • Abuztuaren 24an presoaren askatasun eskaera aztertu eta dei auziaren eguna finkatuko dute epaitegiek. Mont de Marsan espetxera egingo den bizikleta martxa batek babesa adieraziko dio irailean.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 21a
Uztailean Barriosen aldeko manifestazioa egin zen Itsasun.

Mikel Barrios preso iruindarra aske uzteko eskatu dute Bake Bidea elkarteak eta bakegileek, ohar bateratu batean. Bost urteko espetxe zigorra ari da betetzen Barrios, eta oharrak epaia “neurriz kanpokoa” eta “ulertezina” dela dio, Euskal Herriko testuinguru politikoari aipamena eginez: “Bada garaia tresna juridiko osoak testuinguru berri hori kontuan hartzeko!”. Asken asteetan Barriosen aldeko mobilizazio ezberdinak egin dira, eta irailean berriak aurreikusten dira. Iruñeko Arrosadiako Sarek bizikleta martxa antolatu du irailaren 4tik 6ra. Iturgoienetik abiatuko da Barrios preso dagoen Mont de Marsango (Okzitania) espetxera heltzeko

Barrios Alemanian atxilotu zuen poliziak 2017an, eta handik Frantziako Estatura bidali zuten. Urtebetera aske utzi zuten zaintzapean, eta iragan ekainean epaitu zuten. Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua ezarri zion fiskaltzaren tesiak aintzat hartuta, "erakunde kriminaleko" kide izatea egotzita. Ekainaren 29an sartu zen espetxera, babes zabal batek lagundua.