Urrezko Maskorra ez ezik, gidoi onenarena ere irabazi du Leighek. Zuzendari onenaren saria Amanda Kernell suediarrak irabazi du, Garrat du váimmu edo Brace Your Heart samierazko filmarengatik. Aktore onenarena, berriz, bi emakumeren artean banatu da, ex aequo moduan: Kate O'Flynn (Tender Loving Care) eta Asta Kamma August (Growth of the Soil). Euskal zinemaren Irizar saria Txakun Txakür filmak irabazi du, Elsa Oliarj-Inések zuzendutakoak.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Birtualki jaso du sari preziatua Mike Leigh zinegile britainiarrak, ez baita Donostiara etorri film berria aurkeztera, mugikortasun arazoak medio. 83 urte ditu, eta antzerkian eta zinean izugarrizko ibilbidea egin ondotik, ziurrenik Tender Loving Care izango da bere azken filma. Langile klaseko gaiak jorratu ohi izan ditu, baita azken horretan ere. Amy da protagonista, eta senarrarengandik bananduta, Rosie lagunaren etxera joango da bizitzera; gizarte-langileak dira biak. Zaintza da filmaren oinarrian dagoen gaia. Lan egiten duten sektorea ez ezik, familia eta lagunarteko zaintza da istorioari forma ematen diona, eta berau ulertzeko duten manera. Hona hemen Eneko Atxa zine kritikariaren artikulua.
Hogei antzezlan eta beste hainbeste film idatzi eta zuzendu ditu gutxienez Leighek. Ziurrenik Secrets & Lies (1996) pelikula da entzutetsuena, hala nola Cannesen sari nagusia eta BAFTA sarietan gidoirik onenarena irabazi zituena. Film horrek kontatzen du Londreseko emakume beltz baten sorbururako bidaia, adoptatua izan baitzen umetan, eta nola iristen den jakitera errenta baxuko emakume txuri bat dela bere ama biologikoa. Duela bi urte, bestalde, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen azken aurreko filma, Sail Ofizialean baita ere, Hard Truths. Etxeko ama bat da protagonista, pipermina baino pipertuago dagoela erakusten dena, baina bene-benetan min handiz bizi dituena bizitzako atsekabeak, ilusio itzaliak; nekatuta dago etxeko lanari hainbeste ordu dedikatu beharraz eta semea sofan ikusteaz, besteak beste.
Zuzendari onenaren saria, berriz, Amanda Kernellek jaso du Garrat du váimmu edo Brace Your Heart filmarengatik. Suediako, Norvegiako, Danimarkako, Islandiako eta Bulgariako ekoizpena da, ordu eta erdi pasatxokoa, samieraz filmatua. Elur oreinen zaintzan aritzen den komunitate txiki bateko emakume gaztea da protagonista. "Bizirik dagoen kultura da geurea, eta ahotsa eman behar zaigu", adierazi du zuzendariak.
Aktore onenaren saria, berriz, ziurrenik sorpresa gehien eragin duena izan da, ahoz aho ibili baita Julianne Moore estatubatuarraren izena, Jesse Eisenbergek zuzendu duen The Debut filmean egindako lanarengatik. Kritikak izugarri txalotu du Mooren lana; Oscarretarako bidean ere ipini dute zenbaitzuk. Baina ez: Kate O'Flynn (Tender Loving Care) eta Asta Kamma August (Markens grode edo Growth of the Soil) izan dira sarituak, ex aequo.
Taldeko interpretazio saritua, bestalde, 5 minutos más filmean Javier Cámarak egindako lana izan da. Berto Romero eta Belén Cuesta dira protagonista, eta hirugarren laguna, istorioan pisu handia duena, Cámara da.
Argazki onenaren saria, aldiz, mendialde nordikoetan kokatutako Markens gorde edo Growth of the Soil filmean egindako lanarengatik, Oskar Dahlsbakken norvegiarrak jaso du. Eta musika onenaren saria, berriz, 7h40 ce matin-là edo Milo filmarengatik Amine Bouhafak.
Epaimahaiaren aipamen berezia, bestalde, Hong Kongeko, Hego Koreako eta Txinako ekoizpen batek jaso du: Biang jing edo Border. Ez da izan inondik ere kritikaren filmik txalotuena, Ah Biao zinegile txinatarraren lehen film luzea. Txina iparraldeko herri txiro batean kokatuta, meatzeetan eta gizonez inguratutako giroan garatzen da filma, emakume misteriotsu bat agertzen den arte.
Euskal zinemaren Irizar saria, berriz, Txakun txakür filmak jaso du. Zortzi urte eman ditu Elsa Oliarj-Ines zinegileak Zuberoako ikastola bateko haurren jolas orduak grabatzen, eta dokumentala garatzen.
Publikoaren saria, azkenik Hego Euskal Herrian dagoeneko zinema areto ugaritan dagoen La bola negra filmak irabazi du. Aise irabazi ere: 10etik 9,4 puntu eman dizkio publikoak. Hamarren bat gutxiago jaso du Palestinako genozidioari buruzko Naza dokumentalak.
Javier Calvo eta Javier Ambrossi dira La bola negra-ren zuzendariak. Hiru pertsonaren istorioa nahasten da filmean: Espainiako II. Errepublikan kokatua da lehena, 1936ko Gerran bigarrena, eta gaurko egunean hirugarrena. Gizonak dira hirurak, eta lotzen dituztenak homosexualitatea eta artea dira. Federico García Lorca idazlearen antzezlan amaitu gabe bat dago oinarrian, filmaren izen bera duena.
Beste sariak: