Miguel Angel Blanco, Jon Sistiaga eta maskarak


2026ko uztailaren 16an - 15:36
Azken eguneraketa: 2026-07-17 08:58
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Uztailaren 10ean estreinatu omen dute Miguel Angel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo [Miguel Angel Blanco: dena aldatu zuten 48 orduak]. Ez dut dokumentala ikusi, bi egun horiek bizi izan nituen eta ez dut uste kontakizun ofizialetik haratago deus ekarriko duenik. Harrigarria zait nola oraindik ere ez dagoen gobernuaren jarrera estatikoa salatzen duenik, azken finean ETAk eskatu zuena ez zen presoen kaleratze masiboa, euskal presoek haien zigorra beraien etxetik hurbilen zegoen espetxean betetzen jarraitzea baizik. Espainiako legeak zioena gauzatzeko, sinpleki. Baina keinu txikiena ere ez zuten egin. Gazte horren bizitza zein merke saldu zuten batzuk. Gerora eraiki zuten “Ermuko izpiritua”... baina ez dut horretan luzatzeko asmorik.

Entzun ditut zenbait hedabidetan Jon Sistiaga egilearen elkarrizketak, memoriaz, demokraziaz, bizikidetzaz eta giza eskubideez aritu da jo eta ke. Bere izena ezagutzen nuen, baina ez bere izana.

Atzo Irungo lagun batek erran zidan Sistiaga alarde baztertzailearen partaide dela, urtez urte emakumeak zapaltzeko irauten duen alarde matxistako kide harroa. ETBn Iñaki & cia saioan 2014ean adierazi zuen Irundik kanpokoak garenok ez dugula ulertzen hor gertatzen dena.

Atzo Irungo lagun batek erran zidan Jon Sistiaga alarde baztertzailearen partaide dela, urtez urte emakumeak zapaltzeko irauten duen alarde matxistako kide harroa

1996ean emakumeak alardean desfilatzera sartu zirenean indarkeria matxistaren biktima izan ziren, irainak eta kolpeak bildu zituzten, herritar guztien aurrean gertatu zen, eta hori gutxi balitz bezala, babestu beharko lituzketen polizien konplizitatea erasotzaileekin eta politikari gehienen mespretxua ere pairatu behar izan zituzten. Zu non zinen egun hartan, Jon? Iraintzen? Kolpeak banatzen? Erasotzaileak txalotzen? Isiltasun konplizea izan zen zure aukera? Urteak pasatu dira herriko plazan eta denen bistan gertatu zen eraso matxista horretatik, eragindako minaren aitortza egin duzue? Aitortza eta erreparazioa biktimei? Zuk hor segitzen duzu, zapalketa betikotzen duen alardean. Bai, arrazoia duzu, ezin da ulertu zuen jarrera.

Segi gizatasun lezioak ematen han eta hemen, darabilzun hitz potoloen diskurtsoa zabaltzen, izanen duzu liluratuko duzun entzulerik. Zorionez, lagun bati esker, gaur badakit nor zaren eta ahal dudan guztietan eta ahal dudan jende gehienari jakinarazi nahi diot. Maskarak erori dira.

Miren Arantzazu Aranzabal Beitia

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurleen gutunak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...