Milioi erdi migratzaile baino gehiagok lan eta bizi baldintza erregularrak lor ditzakeela aurreikusten da. Azken erregularizazioa 2005ean Zapateroren agintaldian egin zuten, eta gaur arte 2024an Herri Ekimen Legegile bidez hasi zen prozesua geldirik zegoen. Orain, Ministro Kontseiluak Errege dekretu bidez onartu du, PSOE eta Podemosek hala hitzartu ostean.
Espainiako Gobernuan PSOE azken boladan lagun askorik gabe dago, eta ingurukoak pozik mantentzeko ahaleginetan da. Autonomiei kontzesioak gorabehera, ezker hegala liluratu nahi izan du orain. Podemosen eskariz, bien artean adostu dute milaka migratzaileentzako erregularizazio administratiboaren eskaera historikoa dekretu gisa izapidetzea astearteko Ministroen Kontseiluan, legebiltzarretik pasatu beharrik gabe. Aurreikusi dute neurriak 500.000 migratzaile baino gehiagori eragin diezaiokeela. Horretarako luzaroan borrokan daraman Regularización Ya antolakundeak adierazi du "urrats erabakigarria” dela Espainian egoera administratibo irregularrean dauden milaka migratzaileren “eskubideak aitortzeko bidean”.
Irene Montero Podemos alderdiko eurodiputauak astelehenean mitin batean aurreratu duenez, erregularizazio eskaera tramiterako onartuz gero, migratzaileei behin-behineko baimen bat emango diete bertan bizitzeko eta lan egiteko, eta “oinarrizko eskubideak eta zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte”. Etorkinek ekainera bitartean eskatu ahal izango dute erregularizazio eskaera, eta onartzen badiete, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute. Epe hori amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahal izango dute. Izaera erregularra izateko, baina, badaude baldintzak. Besteak beste, eskaera egiten den unean pertsonak frogatu beharko du gutxienez bost hilabetez egon dela Espainiako Estatuan. Horretarako, egiaztagiriak erabili ahal izango dira, hala nola errolda, mediku-hitzorduen ziurtagiria, alokairu-kontratuak eta bestelako egiaztagiriak.
Horrez gain, El País egunkariaren arabera, eskaera aurkezten dutenek arrazoi administratiboengatik edo baimenik gabe lan egiteagatik sorterrira itzularazteko edo kanporatzeko agindurik baldin badute, bertan behera geratuko dira haien kontrako agindu horiek.
Regularizacion Ya antolakundea pozarren agertu da albistearekin. Adierazi dute erregularizazioa beharrezkoa izateaz gain, “posible ere” bazela, eta migratzaileen mugimendu antolatuaren "presio jarraitua" izan dela "urteetan instituzioen geldotasuna hautsi duena". Podemosek ere akordioa ospatu du, baita gandorra erakutsi ere: "Espainiak jada erakutsi izan du erregularizatzea posible eta eraginkorra dela (enplegua azalarazten du, ezkutuko ekonomia murrizten du eta bizikidetza hobetzen du), eta ez dago aitzakia gehiagorik, borondate politikoaren mende baitago soilik", adierazi dute alderdi moretik.
Erabaki utilitarista?
Luze dator migratzaileen erregularizazioaren borroka. Oraingo prozesuaren abiapuntua HEL Herri Ekimen Legegile bat da. 700.000 sinadurak babestu zuten eskaera, eta 2024an Espainiako Kongresuan onartu zuten ekimen hori aintzat hartzea, aldeko 310 botorekin eta kontrako Voxen 33 botoekin. Orduz geroztik, baina, prozesua geldirik egon da, talde politiko batzuen zuzenketa proposamenak gorabehera; eta bitartean, diskurtso arrazistak gora eta gora. Orain, PSOE eta Podemos gobernukideek adostu dute Errege dekretu bidez aurrera egitea, legebiltzarraren onespenaren beharrik gabe.
Berria-k jasotzen duenez, EAJk zuzenketak proposatu zizkion HELari, hots, eskatzaileek lan kontraturen bat edo jarduera ekonomikoren bat izatea toki batean bizitzeko baimena jaso ahal izateko. Herri ekimen legegilearen bultzatzaileek erantzun zuten horrek erregularizaziotik kanpo utziko zuela "jende asko", eta ekimenaren helburua "humanitarioa" zela batez ere, "ez ekonomikoa".
Hala ere, erregularizazioen joera ekonomizista eta utilitarista eztabaidagai da. 2024ko azaroan Pikara Magazinek eztabaidaren gakoak jaso zituen, emakume migratuen eskutik. Bertan, Fernanda Callejasek Atzerritartasun legearen erreforma Regularización Ya taldeak proposatutako HEL prozesuaren kontakizunarekin osatu zuen: “Munduko Bankuak eta Europako Batzordeak kalkulatu dute urtean 250.000 migratzaile inguru beharko direla gure ongizate-estatuari eusteko”. Araudiaren erreformatik ateratako esaldi hori irakurri ondoren, erreforma horren azpian ezkutatzen diren tranpak eta testuak islatzen duen tratamendu utilitarista azpimarratu zituen: “Onurak jasoko dituzten pertsonak sisteman sartu eta hortik ekarpenak egingo dituztenak izango dira, baina guztiok egiten diogu ekarpena gizarte honi, paperekin edo paperik gabe, emakume migratuok Euskal Herria sostengatzen ari gara”, nabarmendu zuen Callejasek.