Herrialdeko ibilgailuen matrikulen datu base baten bitartez, Poliziak migratzaileen autoak bilatu eta jabeak identifikatzeko agintzen du. Eskubide zibilen eta migratzaileen aldeko bi erakundek gauzatu dute ikerketa. Bestalde, iaztik hona 50 pertsona baino gehiago hil dira AEBetako migrazio zentroetan.
Asteartean argitaratutako txostenaren arabera, New Yorkeko Polizia ICE AEBetako Immigrazio eta Aduanen Kontrolaren zerbitzuekin elkarlanean ibili da Flock Safety kotxeen matrikulen datu basea duen enpresaren bitartez migratzaileak aurkitzeko; Poliziak datuak jakinarazi dizkio ICEri, azken horrek ez baitu sarbiderik datu basera. New Yorkeko bi erakunde sozialek gauzatu dute txostena: S.T.O.P. pribatutasunaren aldeko taldeak eta LatinoJustice PRLDEF eskubide zibilen erakundeak.
Flock Safety AEBetako datu base bat da, zeinak kameren bitartez ibilgailuen matrikulak erregistratzen dituen: 120.000 kamera ditu, eta esana du hilero milioika matrikula biltzen dituela. Datu base bat denez, aukera ematen du autoen informazioa bilatzeko. Salatua izan da pribatutasuna urratzen duela eta etengabe kontrolpean sentiarazten dituela herritarrak.
Poliziak datu basean egindako bilaketak analizatu ostean, berriki argitaratutako ikerketak azaleratu du New Yorkeko Poliziak lagundu egin diela agenteei migratzaileak aurkitzen datu basearen bitartez, ICEk ez baitu sarbiderik horretara. Poliziak datu basean migratzaileen matrikulak bilatu eta auto horien jabeak identifikatzeko baimena ematen zuen, nahiz eta ez egon deliturik tarteko; orduan sartzen zen jokoan ICE.
Txostenak argitu du poliziek "apenas" justifikatzen dituztela datu basean egindako bilaketak, eta beraz, Poliziak ICErekin kolaboratzen duela aurkitu izana "icebergaren punta" besterik ez da, ezin baitute jakin zenbat komisaldegik kolaboratu duten.
Dena den, aste honetatik aurrera Polizia eta ICE elkarlanean aritzea delitua da New Yorkeko estatuan, asteartean onartu zuten Tokiko Polizia eta Tokiko Delituen legeari jarraiki. Legearen helburua da ekiditea ICEk Poliziaren zerbitzuak erabiltzea Trumpen migratzaileen aurkako politikak aurrera eramateko.
Gero eta hilketa eta atxiloketa gehiago
2025eko urtarriletik, Donald Trump Etxe Zurian dagoenetik, bortizki gogortu da ICEren jarrera migratzaileekiko. Alde batetik, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute migratzaileen egoitzetan muturreko baldintzetan daudela. Hain zuzen, Human Rights Watch erakundearen arabera, iazko urtarriletik aurtengo ekainera bitarte, gutxienez 52 pertsona hil dira ICEren zaintzapean zeudelarik, migratzaileen zentroetan; horietatik 22, aurten. Inoizko daturik altuena da. Gogoratzekoa da ere gutxienez sei pertsona hil dituzteela tiroz agenteek aurten.
Eta beste aldetik, nabarmen areagotu dira indarkeriazko atxiloketak. Adibidez, Maineko Migratzaileen Eskubideen Koalizioak jakinarazi du estatu horretan 2026an aurreko bi urteetako datuak batuta baino pertsona gehiago atxilotu dituztela, 482 pertsona, zehazki. 2025ean 313 atxilotu zituzten, eta 2024an, berriz, 168.