argia.eus
INPRIMATU
Migranteak ilegalki kanporatu ostean Zoidok dio “ez dutela zertan hesia saltatu”
  • Senatuan hitz egin du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, aurreko astean Estrasburgok migranteen kanporatze azkarraren inguruan emandako epaiaz.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 11

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu ostean, asteartean Juan Ignacio Zoido Barne Ministroak Espainiako Senatuan hitz egin du. Beste alderdien galderei erantzun die Zoidok. Ez du inolako autokritikarik egin eta adierazi du oso garrantzitsua dela “Espainiako mugak” ongi zaintzea.

Espainiako Gobernuak, “mugan atzera botatze” gisa izendatu ditu Estrasburgok zigortu dituen ekintzak eta ministroak zehaztu du muga errefusatzeak giza eskubideekin bateragarriak direla. “Gobernuak beti errespetatu izan ditu giza eskubideak eta  izenpetuta dituen nazioarteko akordioak” gaineratu du.

Muga pasatzen saiatzen diren migranteei ere zuzendu zaie. “Euren intentzioa asiloa eskatzea bada, ez dute zertan hesia saltatu”. Zoidoren ustez desberdindu egin behar dira “askotan biolentziarekin” eta irregularki Espainiar estatura sartzen saiatzen direnak eta “nazioarteko babesa” eskatzen dutenak.

Espainiako Gobernuak oraindik ez du argitu ea errekurtsoa jarriko ote dion Estrasburgoren epaiari. Ezta ere, Guardia Zibilari migranteen kanporatze azkarrak ez egiteko aginduko ote dion. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak biktimei 5.000 euro ordaintzera behartu du Espainiako Estatua.